Duela urte batzuk Zaragozako hotel batean egin nuen lan. Hotel zuzendaritza ikasita, praktikak egin nituen bertan, eta ia departamentu guztietatik pasa nintzen bakoitzeko martxa ezagutzeko. Udako hilabeteetan izan zen, eta ez dut inoiz halako berorik pasa. Bezeroren batek harreran bost minututik gora egiten bazituen, laster hasten zen eskura zuen edozerekin bere burua haizatzen. "Hemen ez duzue aire giroturik, ala?" galdetzen ziguten, eta begiratua ordenagailutik altxa gabe erantzuten genien izorratuta zegoela, etortzekotan zirela konpontzera. Harrera-burua kexatu zitzaion zuzendariari, arren airea martxan jartzeko. Baina hark haizea hartzera bidali zuen: klimatizazioan diru gehiegi joaten zela eta ez zuela piztuko; eta ez kexatzeko, errepideetako langileak gu baino okerrago zeudela eta. Egun gutxira gaixotu zen hoteleko zuzendaria. Anginak zituen, bere bulegoan topera jarrita izaten zuen aire girotuaren ondorioz.
Harreran lan egiten zuten neska-mutilak espainiarrak ziren guztiak, departamentu komertzialekoak bezalaxe. Espainiaren aurpegi gazte, moderno eta zuria, belarritik belarrirainoko irribarrez bezeroak asebetetzeko prest. Hoteleko erraietan, ordea, errealitatea bestelakoa zen: ekonomatuan eta sukaldean hegoamerikarrak ―denak gizonak― ziren nagusi, eta mantentze-lanetakoak ―hauek ere gizonak, noski― Europa ekialdekoak ziren. Hegoamerikako neska gazte batek garbitzen zituen harrera eta gainerako aretoak; logelak garbitzeaz Afrikatik etorritako emakume beltzak arduratzen ziren. Eta, azkenik, guztien burua, hoteleko zuzendari katarratua, euskal jatorriko gizasemea zen. Hotel hura gaurko gizarte-antolamenduaren eredu garbia zen eskala txikian: gizon zuria piramidearen puntan; eta langile etorkinek, gazte lizentziatu berriek eta abarrek osaturiko masa haren pean, hilean soldata miserable bat jasotzeagatik harekin zorretan geundelakoan. Noski, zuzendaria bera ere kate-begi bat zen soilik, beste erle langile bat baino ez merkatuaren erlauntzean.
Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.