Euskaraldia

1.500 lagun baino gehiagok eman dute izena Euskaraldian, eta oraindik horretarako aukera duzu zuk ere

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia Azpeitian 2018ko aza. 16a, 17:25

Gazteria Saileko begiraleek ere bat egin dute Euskaraldiarekin.

Datorren ostiralean hasiko da Euskaraldia ariketa soziala, Euskal Herri osoan. Azpeitian, dagoeneko 1.500 herritar baino gehiago gara izena eman dugunak, baina oraindik eman daiteke izena. Horretarako aukera dago izenematea.euskaraldia.eus webgunearen bidez, edo herrian jartzen ari garen mahaietan. Gaur, ostirala, esaterako, Sanjuandegin izango gara, 18:30etik 20:30era.

Girotze saioak eta txapen banaketa

Euskaraldiko bigarren girotze saioa egingo dugu datorren asteazkenean, 19:00etatik 20:00etara, Sindikatu Zaharrean. Girotze saioak Azpeitiko Ahobizientzat eta Belarriprestentzat dira. Saio horietan azalduko dugu, oso arin eta modu praktikoan, zer konpromiso hartzen ditugun rol horiek hautatzean, eta zer egoera tokatuko zaizkigun. Horrez gain, egoera horietan eroso sentitzeko aholkuak emango ditugu eta gure iritziak konpartituko ditugu.

Herritar guztiak animatu nahi ditugu tailer horietan parte hartzera, aberasgarria izango delako denontzat. Eskertuko genuke, bertaratzeko asmoa dutenek mezu bat bidaltzea helbide honetara: azpeitia@euskaraldia.eus.

Girotze saioetara joaten direnek aukera izango dute Euskaraldiko txapa bertan jasotzeko. Gainontzekoentzat, datorren astean, astelehenetik ostegunera, egunero, Azoka Plazan izango da aukera txapak jasotzeko, 18:30etik 20:00etara, eta astearte goizean, arkupeetan, 11:00tatik 13:00era.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide