Euskaraldia hasi da eta ehundaka azpeitiar atera dira gaur kalera ahobizi eta belarriprest txapak soinean dituztela, 11 egunez ahal den guztietan eta guztiekin euskaraz egiteko prest.
Ehundaka izan dira, halaber, astean zehar beren txapak jasotzera edota izena ematera pasatu direnak. Berez, astelehenetik atzo artekoa zen epea; baina Eukaraldian izena eman duten guztiek txapa jasotzerik ez dutela izan eta izen-ematea bera luzatu egin dutela kontuan hartuta, gaur eta bihar ere mahaia jarriko da txapak banatzeko eta izen-emateak jasotzeko. Aurreko egunetan ez bezala, plazan jarriko dugu mahaia, gaur 17:00etatik 18:30era eta bihar 12:00etatik 14:00etara.
Hasiera ekitaldia
Gaur, bestalde, Euskaraldiaren hasiera ospatzeko ekitalditxoa ere izango dugu, 18:45ean plazan hasita eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleek eta irakasleek girotuta.