Asteburua borobila izan da Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusientzat

Juaristi ISB-Tormes neurketako jokaldi bat.

Añares ISB LF2ko sailkapeneko hirugarrena da, Cerdanyolaren etxean 63 eta 80 irabazi ondoren; eta Zilarrezko LEB ligan, berriz, bigarrena da Juaristi ISB, Tormes 81 eta 51 menderatu ostean.

Iraurgiko talde nagusiek bolada gozoan jarraitzen dute. Añaresek larunbatean Bartzelonan jokatu zuen Cerdanyolaren aurka eta 63 eta 80 irabazi zuten Iraurgikoek. Garaipen horrekin, Luis Agirreren taldea sailkapeneko hirugarrena da. Aipatzekoa da Marita Davidova egiten ari den denboraldi hasiera; errusiarra da LF2ko saskiratzailerik onena eta errebote gehien jaso duena.

Juaristi ISBk, bien bitartean, orain arteko partidarik borobilena osatu zuen Tormesen aurka Azkoitiko kiroldegian. Lolo Encinasen mutilek 81 eta 51 menderatu zuten Salamancako taldea. Etxekoen nagusitasuna erabatekoa izan zen partida osoan. Txalotzekoa izan zen, berriro ere, etxeko jokalari gazteen ekarpena. Merketegik orain arteko partidarik ederrena jokatu zuen; Sanz eta Azpeitia defentsan zein erasoan bikain aritu ziren; eta Salazar kapitainarenak, berriz, hitzik ez du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide