Zapatuan, abenduak 1, ospatuko den Oi!artzun Fest jaialdia Azpeitiko Gaztetxera mugituko da. Oiartzungo Pagoa aretoak hartu behar zuen musika jaialdia larunbatean, baina antolatzaileek lekuz aldatu behar izan dute festa azken unean, Pagoa aretoaren jabeari lotutako arazoak tarteko. Horrela agertu dute gertatutakoa Oi!artzun Fest jaialdiaren antolatzaileek: "Gaur bertan Pagoako jabeak helarazitako azalpenak ikusita, Udalarekin harremanetan jarri ostean, honetaz konturatu gara: lokalaren jabeari salaketa bat jarri zioten duela bi hilabete; Pagoa aretoak ez ditu bete beharreko segurtasun neurriak betetzen; lokalaren arduradunek azaroak izan zituztela bagenekien arren, dena konponduta zegoela esan ziguten. Jabearen azalpenekin kezkatuta, Oiartzungo udaletxera joan gara informazio eske, eta han esan digute larunbateko jaialdia egiteko baimena edukitzea ia ezinezkoa dela".
Hori ikusita, Oi!artzun Fest jaialdia lekuz aldatzea erabaki dute antolatzaileek. Egoera horren aurrean, jaialdirako lotuta zeuden musika taldeetako kideek zein antolakuntzan aritu diren lagunek kontzertuak aurrera ateratzeko konpromisoa hartu dute, eta Azpeitiko Gaztetxeko asanbladarekin jarri dira harremanetan. Egoera ikusita, Gaztetxeko kideok ere jaialdia aurrera ateratzeko laguntza ematea erabaki dugu, eta, horrenbestez, etxean hartzea Pagoan egitekoa ziren Oi!artzun Fest jaialdia. Modu horretan, zapatuan 18:00etatik aurrera, honako musika taldeen kontzertuak izango dira Azpeitiko Gaztetxean: Rude Pride, Against You, The Bobby’s, Knock Out, Azken Sustraiak, Brigade Loco, Yakovlev 42, Hell Beer Boys eta Facta.
Sarreren salmenta
Agortzear zeuden Oi!artzun Fest jaialdirako sarrerak, baina lekualdatzea tarteko, sarrerak itzultzeko aukera izango dute Azpeitira ez etortzea erabakitzen dutenek. Modu horretan, zenbait sarrera jarriko dituzte salgai Azpeitian. Bihar arratsaldetik aurrera Orkatz tabernan egongo dira eskuragarri larunbateko kontzertuetarako txartelak, 10 eurotan. Sarrerak mugatuta daude, eta agortzen badira, zapatuan ez da Gaztetxera sartzerik izango. Hau da, musika jaialdiaren egunean bertan ezingo da sarrerarik erosi. Errenteriatik autobusa antolatu dute Azpeitira.
Beraz, punk-oi! doinuak izango dira protagonistak zapatuan Gaztetxean. Nahi izatekotan, bertan ikusiko dugu elkar.