Benito Lertxundiren kontzerturako sarrerak, agortzear

Uztarria.eus 2018ko aza. 29a, 13:13

Benito Lertxundi.

Duela bi aste jarri zituzten salgai urtarrilaren 25eko kontzerturako sarrerak, eta dagoeneko 400 txarteletik gora saldu dira. Orotara, 120 sarrera inguru gelditzen dira, Kulturazek jakinarazi duenez. 2019ko Kultur Bonoa abenduaren 12an jarriko dute salgai. 

Benito Lertxundik kontzertua eskainiko du urtarrilaren 25ean Soreasu antzokian, eta zuzenekorako sarrerak amaitzear daude jada; 120 sarrera baino ez dira geratzen. Duela bi aste jarri zituen salgai kontzerturako sarrerak Kulturaz kooperatibak, eta gaur jakinarazi duenez, 400 sarrera baino gehiago saldu dituzte dagoeneko. Sanagustin kulturgunean zein kulturaz.eus webgunean eskura daitezke sarrerak. Aurrealdeko sarrerek (A eremua) 25 euro balio dute eta atzealdekoek (B eta C eremuak) 20 euro. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sarrerak zenbakituak dira.

Lertxundik Ospakizun Gauean diskoa argitaratu berri du, eta Soreasun eskainiko duen kontzertuan disko horretako kantak eta azken 50 urteotako ibilbide profesionalean sortutakoak abestuko ditu, 21:00etan hasita. 

2019ko Kultur Bonoa, abenduaren 12an

Kulturaz kooperatibak aurreratu duenez, 2019ko Kultur Bonoak abenduaren 12an jarriko dira salgai. Kultur Bonoa eskuratzen dutenek, Kulturazek Sanagustin kulturgunean antolatutako ekitaldietara doan sartu ahal izango dute, eta Soreasu antzokiko ekitaldietan %50eko deskontua izango dute. 2019rako hamar kontzertu, hiru dantza emanaldi eta lau antzerki obra programatuta ditu herriko kultur kooperatibak, eta tartean da Benito Lertxundiren kontzertua. Kultur Bonoa erosi aurretik programatutako ekitaldiren baten sarreraren bat erosten dutenei, ekitaldiaren egunean bertan itzuliko zaie dagokien dirua. Benito Lertxundiren kontzertuari dagokionez, adibidez, 2019ko Kultur Bonoa eskuratzen dutenei Lertxundiren kontzerturako sarreragatik ordaindutako diru kopuruaren %50a itzuliko zaie zuzenekoaren egunean bertan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide