Euskararen Eguna da gaur, abenduak 3, baita Euskaraldiaren azken eguna ere. Euskarak elkartuta, dozenaka herritar bertaratu da Sanagustin kulturgunera, Euskaraldiaren itxiera ekitaldira. Hasteko, egitasmoak iraun duen 11 egunetako esperientziak kontatu dituzte lau herritarrek. Balorazio positiboa egin dute denek, eta ariketa sozialak euskararen erabileran eragina izan duela adierazi dute. Horren ostean, Euskaraldiak herrian utzi dituen datuak errepasatu dituzte.
Euskaraldiaren Azpeitiko batzordeko kide Eneritz Albizuk eman du herriko datuen berri, eta gogoratu du Azpeitian duela 11 hilabete hasi zela Euskaraldia, orduan hasi baitziren egitasmoa prestatzen. Orduz geroztik, denetarik egin dute: hitzaldiak, jaialdiak, girotze saioak... Horiek guztiek beren fruitua eman dutela esan du Albizuk, adin guztietako herritar ugarik parte hartu baitute Euskaraldian. Hain zuzen, Azpeitiko 2.814 lagunek eman zuten izena egitasmoan. Horren harira, herriko ikastetxeetan egindako lana nabarmendu nahi izan du Albizuk, eta eskerrak eman dizkie heziguneetan Euskaraldia sustatzen aritu diren kideei. Euskara sustatzeko ariketa soziala babestu duten herriko eragileen eta hainbat sektoretako langileen argazkiak ere ikusi dituzte gaurko ekitaldian. Haiei ere eskerrak eman dizkie Albizuk, Azpeitiko Euskaraldiaren batzordearen izenean. Udalarentzat ere izan dira esker hitzak. Izan ere, Udalak Euskaraldiari babes eta laguntza guztia agertu diola nabarmendu du Albizuk.
Itxiera ekitaldia amaitzeko, Maddalen Arzallusek idatzitako eta Azpeitiko Euskaraldiaren batzordeak "bete betean" babestutako adierazpen nazionala irakurri dute Ihintza Elustondok, Aintzane Garmendiak eta Montse Carmonak. Imanol Lazkanoren bertso pare batek itxi du ekitaldia, eta euskaraz bizitzeko eta euskara indartzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute kulturgunera bertaratutako lagunek.
Hona hemen Euskaraldiaren agurreko adierazpena, osorik:
"Hamaika egun, hamaika gogoeta:
1. Ahobizi eta Belarriprestok elkarren beharra izan dugu ahalduntze kolektiborako ariketa hau aurrera atera ahal izateko. Elkarrekin saiatu gara gure eguneroko inertzia linguistikoak astintzen, eta modu kontzientean egin dugu
gainera. Euskaraz gehiago hitz egiteaz gain, gure hizkuntza-erabilerari buruz hausnartu eta eztabaidatu dugu.
2. Inon idatzita jasotzen ez den arau soziala aldatzen aritu gara: nahikoa da gure ondokoak euskaraz ulertzea gu hari euskaraz zuzentzeko.
3. Talde handi batean euskaldunak eta erdal hiztunak nahasian daudenean, euskaraz egitea ez da inor bazterrean uztea, alderantziz: euskaraz hitz eginda gure kulturaren eta hizkuntzaren ateak zabaltzen dizkiegu; eta, bestela, itxi.
4. Euskaraldian ez dugu ahobizi eta belarriprestok bakarrik parte hartu. Baina ez dezagun ahaztu ahobizi eta belarriprest izan ez direnak gehiengoa direla. Hala ere, txapadunen kopuruak pixkanaka-pixkanaka gora egin duenez gero, pentsa dezagun geroz eta gehiagok zabalduko dituztela bost zentzumenak.
5. Gure herriko dendaria euskalduna da. Euskaraldia hasi arte, egunero-egunero erdaraz egiten nituen erosketak, erdalduna zelakoan. Baina horrek bezainbesteko mina eman dit hark ere nitaz gauza bera pentsatzen zuela
ohartzeak.
6. Botere-harremanek lotura zuzena dute gure hizkuntza-erabileran. Hamaika egunotan nire lankideak euskaraz agurtzen saiatu arren, ez naiz ausartu nagusia bere konfort egoera linguistikotik ateratzen. Euskarak goitik behera eta behetik gora balio ez duen artean, ez die beste hizkuntzei aurpegiz aurpegi begiratuko.
7. Bakoitzak norbere hizkuntzan bizitzeko eskubidea duen heinean, euskaldunak euskaraz bizitzea ez da gutizia hutsa, ez eta desioa ere. Euskaldunak euskaraz bizitzea euskaldunen eskubidea da. Noiz jarriko da benetan praktikan eskubide sinboliko hori?
8. Euskaldun denok erdaraz ere badakigun modu berberean jakin beharko
lukete erdaldun denek euskaraz ere. Pentsa zer desberdina litzatekeen gure
lurra herritar guztiak elebidun bizi izango bagina...
9. Beste behin ere, herritarrek saretzen jakin dugu. Herritik sortutako ekimen
batek batu gaitu, eta herritarrek eta erakundeek elkartuta ditugun indarra eta
potentzialtasuna agerian geratu dira. Klika egin dugu.
10. Euskaraldian herritarrok emandako urratsek babes-neurriak behar dituzte
eta, gainera, entitate publiko zein pribatuei dagokie neurri horiek hartzea.
Instituzioen erantzukizuna da epe luze eta laburrean euskararen jakintza
orokorra bermatzea; baina, horretarako, lehentasuna eman beharko zaie
hizkuntza-politikei.
11. Elkarlanean egon da Euskaraldiaren lorpenen sekretua. Goi-kargudun, Herri-plataforma, kooperatiba handi zein enpresa txiki eta bolondres gisa ahal guztiz lan egin duten norbanako bakoitzari zor zaio bere ahalegina. Ikas dezagun, etorkizun baterako ere, aurrera egingo badugu, guztion beharra izango dugula.
Post Data :
12. Arnas luzeko bidea da hau eta bakoitzaren abiapuntutik aurrerapausoak
ematen eta inertziak astintzen jarraitzea da helburua. Ez ahaztu Euskaraldiko
egunik garrantzitsuena Hamabigarrena dela".