Bertanek Gabonetako kanpaina jarri du martxan

Uztarria.eus 2018ko abe. 4a, 13:30

Olentzero eta Maridomingiren Ginkana jarri du martxan, eta elkarteak etxe guztietara eskuorri bat bidali du Bertaneko sei saltokitako zigiluentzat tokiarekin. Eskuorri horiek saltoki desberdinetako sei zigilurekin bete behar dira, eta zigilu horiei esker, 1000 euroko erosketa txartel baten eta 200 euroko hamar erosketa txartelen zozketan parte hartu ahal izango dute herritarrek.

Bertan merkatari elkarteak kanpaina berri bat prestatu du Gabonetan erosketak Azpeitian egiten dituzten bezeroak saritzeko asmoz. Olentzero eta Maridomingiren Ginkana jarri du martxan, eta elkarteak etxe guztietara eskuorri bat bidali du Bertaneko sei saltokitako zigiluentzat tokiarekin. Eskuorri horiek saltoki desberdinetako sei zigilurekin bete behar dira, eta zigilu horiei esker, 1000 euroko erosketa txartel baten eta 200 euroko hamar erosketa txartelen zozketan parte hartu ahal izango dute herritarrek.

Zigiluak lortzeko, herritarrek elkarteko sei saltoki desberdinetan egin beharko dituzte erosketak abenduaren 3tik 24ra bitartean. Kanpainan parte hartzea erabaki duten saltoikiek kartel bereizgarri bat izango dute erakusleihoan, bertan erosketak eginez gero zigiluak lor daitezkeela adierazteko. Gainera, etxean jasotako eskuorriaz gain, gehiago behar dituztenek saltoki horietan eskuratu ahal izango dituzte.

Eskuorriak zigiluz betetzen dituztenek herriko hainbat puntutan kokatutako postontzietan utzi beharko dituzte horiek, hala nola Damason, Olazko Amaren plaza, Jose Artetxen, Sanjuandegin eta Loiolabiden jarriko dituzte postontziak. Pertsona bakoitzak nahi adina eskuorri osatu ahal izango ditu. Zozketako saridunen izenak Olentzeroren etorrera ekitaldian jakinaraziko dituzte, abenduaren 24an bertan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide