Tupper egokia

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Aizpuru 2018ko abe. 6a, 09:43

Aitziber Aizpuruk Uztarria aldizkariaren 2018ko azaroko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Etxetik kanpo jatea tokatzen zaizunean, otordua prestatze hutsak burukomina sortzen al dizu?

Modu orekatuan eta osasuntsuan, elikagai gozoak jatea nahi izaten dugu, eta antolatzea da gakoa. Tupper on batean barazkiek izan behar dute nagusitasuna, baina ohikoa da horiek ez jartzea, ontzian ez direlako sartzen edo entsalada umeldu egiten delako. Aitzakiak alde batera utzi behar dira; izan ere, barazkiek izan behar dute osagai nagusi. Entsaladaz gain, aukera ugari ditugu; adibidez, lehenago prestatu eta izoztu ditugun barazkiak –pistoa, eskalibada, txanpinoiak, tomate saltsa, barazki krema...–.

Zereal integralek eta tuberkuluek osatu behar dute tupper-aren gainerako zatia; kantitate handiak egos ditzakezu, eta hozkailuan gorde. Arroza edo pasta barazkiekin nahastea aukera erraza izan ohi da, baina proteinekin ezin dugu ahaztu. Esaterako, lekaleak berehala egiten dira presio eltzean. Horiek barazkiekin lagunduta, plater egokiak osa daitezke. Bestalde, animalia jatorriko proteinak –arrautza, esnekiak, arraina eta haragia– ere baliatu daitezke tupper-a osatzeko. Postrerako fruta, eta edateko ura.

Ondo jan nahi duenak baliabideak aurkitzen ditu, eta ez duenak nahi aitzakiak!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide