Aida Malesek eta Mikel Etxeberriak irabazi dute Azpeitiko Txakurkrosa

Uztarria.eus 2018ko abe. 9a, 14:41

Urtebeteko etenaren ostean, txakurkrosa jokatu dute gaur, igandean, Azpeitian. Azpeitiko Txakurkrosa izen berrituarekin jokatu dute proba Loiolatik abiatuta, eta guztira, 100 lagunek parte hartu dute lasterketan – horietatik hiru azpeitiarrak–. Horien artean, Mikel Etxeberria (00:29:13) eta Aida Males (00:38:01) nagusitu dira, Ray eta Tula zakurrak lagun zituztela. Gizonezkoetan, Iñigo Zarate eta Isker txakurra (00:30:38) eta Marco Salazar eta Tito (00:30:45) geratu dira bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, berriz, Malesekin batera Bakarne Almazanek (00:39:02) eta Nagore Gallastegik (00:39:08) osatu dute podiuma, Adam eta Kini txakurrekin.

10:30ak jo dituenean hasi da lasterketa Loiolako basilikaren aurretik, eta korrikalariak txandaka atera dira irteeratik. Aurten, izena ez ezik, ibilbidea ere berria izan du lasterketak, eta parte hartzaileek, besteak beste, Txalintxo eta Munoaundi zeharkatu dituzte. Orotara, 7,5 kilometro izan ditu probak. Gainera, Euskadiko Txakurkros Ligaren hirugarren proba izan da gaur Azpeitian jokatu dutena.

Ikusmin handia sortu du Azpeitiko Txakurkrosak, eta behin lasterketa nagusia amaitu denean, umeek ere izan dute txakurrekin korrika egiteko aukera. Izan ere, laskerketa laburrak egin dituzte Loiolako zelaietan, eta goiza borobiltzeko txakurren erakustaldia egin dute Amarokeko kideek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide