Ikusmin handia piztu dute gaur eguerdian Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatu diren lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketako finalek. Ehunka lagun bertaratu dira frontoira, emakumeen buruz buruko lehiako azken partidak ikustera.
Giro bikaina sortu da frontoian, eta kantxara ateratzerako txalo zaparradarekin hartu dituzte herritarrek pilotariak. Lehen finala, Promozio Mailakoa, Oihana Orbegozo azpeitiarrak eta Amaia Aldai dimarrak jokatu dute. Orbegozok 22 eta 8 galdu du partida, aise nagusitu baita Aldai. Partidaren lehen zatian aurretik izan da Aldai, eta Orbegozo gerturatu bazaio ere, bere bidea egiten jarraitu du Dimako pilotariak. Neurketaren erdi aldean ere lortu du partidan sartzea Orbegozok, baina ezin izan dio aurkariari aurre hartu markagailuan. Orbegozok Uztarria.eus-i jakinarazi dionez, ez da "oso gustura" sentitu partidan: "Kostatu egin zait, eta Aldaik pilota mugitzen zuen bakoitzean tantoa egiten zuen".
Partida ostean honako adierazpen hauek egin dizkio Orbegozok Uztarriari:
Bigarren finala, Lehen Mailakoa, Patri Espinarrek eta Olatz Arrizabalagak jokatu dute, eta Espinar nagusitu da 22 eta 9. Oso pareko hasi dute partida, bizi, baina neurketak aurrera egin ahala, Arrizabalagak ez du asmatu zenbait tantotan, eta Espinarrek halakoa aprobetxatu ditu abantaila lortzeko.
Partidak bukatzean sari banaketa ekitaldia egin dute, frontoira bertaratu diren zaleen txalo artean, eta Reyes Azkoitia 66 urteko pilotari azkoitiarrak –aurten parte hartu du Emakume Master Cupen– txapelketaren antolatzaileen oroigarria jaso du. Finalak Azkoitian izanda, Javier Zubizarreta alkatea arduratu da pilotariei txapelak janzteaz.
Harmailetan hainbat aurpegi ezagun ikusi ahal izan dira, hala nola Gurea pilotalekuan izan dira Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako EH Bilduko eta EAJko zinegotziak, Rebeka Ubera eta Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak, Emakume Master Cupen parte hartu duten hainbat pilotari, Luziano Juaristi Atano X.a eta Mikel Nieve txirrindularia.
Hona hemen finalek utzi dituzten irudiak: