Aurkari gogorrak eta emaitza kaskarrak Iraurgiren talde nagusientzat

Añares ISBk Celtaren etxean galdu zuen (77-67) eta Juaristi ISBk Azkoitian, luzapenean, Zamoraren kontra (88-93). Iraurgikoen asteburuko bi aurkariak LF2 eta Zilarrezko LEB ligetako liderrak dira uneotan.

Iraurgi Saskibaloiko talde nagusien asteburua ez da batere emankorra izan. Biek izan dituzte aurkari gogorrak, eta biek galdu dituzte beren partidak, etxetik kanpo Añaresek eta etxean Juaristik.

Añares ISBk larunbatean ezin izan zuen Celta indartsuaren aurka. Galiziarrek lehen bi laurdenetan markagailuan ihes egin eta neurketa ia erabakita utzi zuten. Hirugarren laurdenean, 11-0eko partzialari esker, markagailuan hurbiltzea lortu zuen Añaresek, baina azken laurdenean Celtak garaipenari eutsi ahal izan zion.

Juaristi ISBk ere ezin izan zuen Zamora liderraren aurka; Lolo Encinasen mutilek luzapenean 88 eta 93 makurtu behar izan zuten. Lehen bi laurdenetan Juaristik abantaila gehiegi eman zion aurkariari. Halere, hirugarren laurden zoragarri batean, markagailuan aurretik jartzea ere lortu zuten Iraurgikoek Azkoitiko kiroldegian. Azkenean, ordea, Zamoraren talentuak Juaristiren kemenak baino gehiago balio izan zuen.

Datozen neurketak

Aste honetan ligako bi neurketa jokatuko ditu Juaristi ISBk: asteazkenean Santanderren ariko da, Estelaren; eta igandean, Azpeitian, Zornotzaren aurkako derbia jokatuko du, 18:00etan hasita.

Añares ISBk ere Azpeitiko kiroldegian jokatuko du datorren asteburuan. Arxil taldea izango dute aurrean, zapatuan, 18:00etan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide