Juaristi ISBk 68 eta 59 galdu zuen atzo Estelaren aurka Santanderren, Zilarrezko LEB ligako hamahirugarren jardunaldiko partida. Atzokoarekin, Lolo Encinasen gizonek hiru partida galdu dituzte errenkadan.
Neurketa kaskarra osatu zuten Iraurgikoek Santanderren. Hala ere, gaizki jokatu arren, bihotzarekin, taldeak partida osoan borrokan jarraitu zuen eta azken unera arte neurketa irabazteko aukera izan zuen. Berriro ere etxeko Salazar, Sanz, Beraza eta Azpeitia izan ziren maila txukuna eman zutenak. Atzerritarrek taldeari gehiago eman behar diote.
Neurketa hori galdu ostean, Juaristi ISB sailkapeneko zazpigarren posturaino jaitsi da. Ondorioz, A-1 ligarako txartela garesti jarri zaio. Hori dela eta, igande arratsaldeko seietan Azpeitiko kiroldegian Zornotzaren aurka jokatuko duen derbiak balio berezia du. Berriro ere zaleei dei berezia egin nahi die Iraurgik, taldeak denboraldiko une zail honetan inoiz baino gehiago beharko eta eskertuko baitu igandean zaleen babesa.
Añares-Arxil, zapatuan Azpeitian
Añares ISBk ere Azpeitian jokatuko du asteburu honetan. Arxilen aurkako ligako partida izango dute Luis Agirreren emakumeek zapatuan, 18:00etan. Aurreko jardunaldian Celtaren aurka galdu arren, Añares LF2ko sailkapeneko hirugarena da eta larunbatean beste garaipen bat pilatzeko aukera du, orain arte partida bakarra irabazi duen talde apalaren kontra. Emakumezkoen taldeak ere eskertuko ditu zaleen beroa eta indarra.