Añaresek irabazi eta Juaristik galdu, Iraurgikoen asteburu gazi-gozoan

LF2an erraz nagusitu ziren Iraurgiko emakumeak Arxil talde apalaren aurrean (93-67). Zilarrezko LEB ligan, aldiz, 63-64 galdu zuten gizonek Zornotzaren kontrako derbia.

Asteburua gazi-gozoa izan da Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusientzat. Añares ISBk irabazi egin zuen LF2ko bere neurketa, eta Juaristi ISBk galdu, Zilarrezko LEB ligan. Biek jokatu zuten etxean.

Añares ISBk emaitza bolada onean jarraitzen du. Larunbatean, oso erraz menderatu zuen Arxil talde apala Azpeitiko kiroldegian (93-67). Luis Agirreren taldea hasi eta amaitu izan zen aurkaria baino askoz hobea. Talde osoak egin zuen lan bikaina, baina azpimarratzekoa izan zen Brihannak egin zuen neurketa; taldea maisuki gidatzeaz gain, 24 puntu saskiratu zituen, neurketako jokalari baloratuena izateko. Miren Ezama gazteak ere zazpi minutu on jokatzeko aukera izan zuen.

Añares orain sailkapeneko laugarrena da, zortzi garaipenekin. Datorren larunbatean derbia izango dute Iraurgikoek Galdakaon. Ibaizabalen aurka.

Juaristi ISBk, bien bitartean, emaitza bolada txarrean jarraitzen du. Lolo Encinasenek 63 eta 64 galdu zuten herenegun Zornotzaren aurkako neurketa. Juaristiko mutilek duten guztia ematen dute kantxan baina ez dabiltza batere fin. Zornotzak hasiera-hasieratik alde nabarmena lortu zuen markagailuan –une batean 19 puntukoa ere bai–  eta hori zama astunegia izan zen Juaristirentzat. Halere, Lolo Encinasen taldeak ez zuen inoiz amore eman eta partidako azken jokaldian garaipena lortzeko jaurtiketa izan zuen eskuetan. Zoritxarrez, baloiak ez zuen sartu nahi izan.

Juaristik asteburu honetan jai izango du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide