Zenbat esan dezakeen begirada batek. Harrotasuna, desafioa, sentsualitatea, goxotasuna, nostalgia, jatortasuna... Horretaz guztiaz hitz egin dezakete begiek. "Pertsona baten barrua islatzen dute", Pedro Luengo margolariaren (Azpeitia, 1969) iritziz. Eta begirada batek izan dezakeen indarrak erakarrita, pertsonen barruan gordetzen den hori betirako izoztu du Portrait. Black & white erakusketaren bidez. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan eta jai egunetan, 12:00etatik 14:00etara zabalduko dute erakusketa, abenduaren 31ra bitartean.
Guztira, hamabi koadro zintzilikatu ditu artistak Azpeitiko Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan. Afrikako eta Asiako hainbat etniatako pertsonen aurpegiak irudikatu ditu margolanetan. "Asko gustatzen zaizkit apaingarri asko izaten dituztelako eta duten estetikagatik". Neurri handiko koadroak margotu ditu, modu horretan "beste indar bat" hartzen dutelako lanek. Egurraren gainean, margo akrilikoekin ondu ditu.
Koadro guztien atzean argazki bat dago; izan ere, "fijazio berezia" du Luengok argazkiekin. "Beti egoten naiz argazkiei begira, beti bilatzen diet pinturarekin lotura". Egun batean, asko gustatu zitzaion argazki bat ikusi zuen Interneten, eta pentsatu zuen: "Margotu egin behar dut, etxerako". Emaitza asko gustatu zitzaion, eta hasieran etxerako egitea pentsatu zuen lan horri jarraipena ematea erabaki zuen; haren atzetik, beste 11 koadro egin zituen. Azaldu duenez, ez da argazkien bila aritu: "Argazkiek bilatu naute ni".
Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren atarian.