Kulturaz kooperatibak jakinarazi duenez, dagoeneko amaitu dira datorren urteko Kultur Bonoak. Joan zen ostiralean jarri zituzten bonoak salgai, eta herritarrek bost egunetan erosi dituzte txartel guztiak. "Herrian kulturzaletasuna errotuta dagoen seinale da hori", adierazi du Kulturazek.
Udalaren laguntzarekin, zazpigarren urtez jarraian kaleratu ditu Kultur Bonoak Kulturazek, "kulturarekin hazi, hezi eta goza ahal izatea bultzatzeko". Bonoa eskuratu duten herritarrek hainbat abantaila izango dute kooperatibak antolatutako ekitaldietan. Besteak beste, Sanagustin kulturguneko zortzi kontzertu doan izango dituzte, eta Soreasu antzokian musikari eta arte eszenikoari lotuta eskaintzen dituzten emanaldiak, berriz, erdi prezioan jasoko dituzte. Horrez gain, Sanagustinen nahiz Soreasun egiten dituzten umeentzako ekitaldietan ume baten eta heldu baten sarrera doan izango dute.