Negu usaineko haizea masailak laztanduz lepotik behera sartzen eta lepa atzetik ateratzen zait behin eta berriz. Haizeak begiak kizkurtzen eta urtzen dizkidanez, beheratu egin dut begirada eta azkartu pausoa, egoskor.
Beherantz begiratzean aldatu egin da bidea. Galipot beltza koloretako hosto hilez bete du etengabeko haizeak. Nire pausoan agertzen eta desagertzen dira ezkerreko eta eskuineko zapatak.Tipi-tapa, tipi-tapa...
Eta hasi da nire burua martxan Lasaoko bideko lehen ehun metroak egin baino lehen. Bizitza eta heriotza, haizea, hostoak, tipi-tapa... Haizea etengabe aurrera doan denbora litzateke; epela eta atsegina batzuetan; zakarra eta hotza besteetan; ahula aldizka; indartsua tokatzen denean. Nire bi zapaten tipi-tapa, berriz, erlojuaren erritmoa; sasoi onean tinkoa eta orekatua; nekatzean, berriz, makala eta baldarra.
Ibai ertzeko eta bide bazterreko zuhaitzetan sasoi betean samurrak eta orlegiak ziren hostoak, neguan ahulak eta laranjak dira. Zuhaitzari gogor lotuak ziren lehen; orain, aldiz, doi-doi eta etsita egiten diote aurre bultzaka duten haizeari. Beldur dira, ez dute erori nahi. Ez dute hil nahi. Beno, gutxi badira ere, badira hiltzeari beldurrik ez dioten hosto batzuk.
Haizeak, ordea, ez du etenik, denborak atzera bueltarik ez duen bezala. Ez du barkatzen, ez du bereizten, ez du begirik, ez bihotzik. Hasieratik eta azkenean, haizeak irabazten du, nola ez! Etsi dute hostoek, erori dira azkenean halabeharrez! Bi esku betirako askatzen diren moduan askatu dira hostoa eta adarra. Askatu da jaio eta bizi izan dena, hiltzeko. Eta harrapariak harrapakiñarekin jolasten duen moduan, jolasten du haizeak hosto hilarekin. Putz eginez, nahi duena egiten du berarekin: gora bidaltzen du, jira eta bira ibiltzen du, eta nahikoa jolasten duenean, lurrera erortzen uzten du, beste baten bila joateko.
Paradoxa izango da agian, baina tragediak badu bere baitan edertasunik. Hostoak etsi duen momentua ederra dela alegia, ederra hostoaren dantza, ederra hostoaren erortzea, ederra galipotez egindako bidearen itxura aldaketa... Ederra hori dena imajinatzea.
Bide berbera?
Ez dakit zer duen pasieran bakarrik ibiltzeak, baina haizearen laztanengatik ez balitz, nire pausoen tipi-tapagatik eta edertasunaz gozatzeko gaitasunagatik ez balitz, ez nukeen hau dena biziko, ez nukeen hausnarketa erromantikorik egingo, ez nukeen heriotzaren inguruan natural idatziko.
Banoa aurrera, Lasaoko bide aldatuan aurrera, eta ezagun baten agurrak esnarazten nau nik nahi gabe. Imajinaziotik esnatu dira nire begiak eta pasierako zein puntutan nagoen konturatzea ere kostatu zait momentu batean. Agurtu dudan ezaguna nor zen ikusteko begiratu dut atzera. Gero izango ez dut ba ondo irabazitako despistatu fama!
Iritsi naiz Lasaoraino; itzulerako bide bera egiteak beti eragin dit egundoko alfergura! Horregatik, ia nahi gabe jarri dut imajinazioa martxan, eta hasi naiz ametsetan; izan ere, bide berak ez du zertan bide berbera izan behar, ezta?
Lasaoko pasiera bakarrik egitera gonbidatzen zaituztet, irratirik gabe, zentzumen guztiak adi dituzuela. Gonbidatzen zaituztet norbere buruarekin egotera, hausnartzera, amestera... Horrela joan-etorria ez da bera izango. Horrela, norbere burua eta ingurua ulertzeko ikuspegia zabaltzen eta aberasten dela uste dut. Horrela, norbera ere aldatzen da!