Festa bero, epeletan

Uztarria.eus 2018ko abe. 21a, 16:48

Ohi baino giro epelagoarekin esnatu da gaur herria, eta zer hoberik San Tomas eguna gozatzeko. Jende ugari bildu da kalean, txorizoa eta taloa dastatzeko nahiz jai giroaz gozatzeko. Plaza leporaino bete da eguerdi partean.

Izarraitz txistulari taldearen dianarekin hasi dute festa goizean, eta, ondoren, Patxi Azkargortaren Oroimenezko Pilota Txapelketa jokatu dute, aurten, lehen aldiz, Izarraitz pilotalekuan. Aurre benjamin mailan, Jon Egibar (16) nagusitu da Unax Larramendiren (11) aurka; benjamin mailan, Julen Urrestilla (16) gailendu zaio Iker Ibargureni (8); maila berean, bikoteka, Ioritz Arsuaga eta Xuban Azpeitia (16) nagusitu zaizkie Eneko Bidezabali eta Endika Kortari (7); kimu A mailan, Ugaitz Arangurenek (16) aise hartu dio aurre Eneko Ulaziari (5); kimu B mailan, Xabat Azpiazuk eta Jokin Artetxek (16) irabazi diete Joseba Egiari eta Manex Azpiazuri (13); infantiletan, Beñat Labaka eta Iker Urrestilla (18) nagusitu zaizkie Enaitz Alberdiri eta Beñat Ezamari (14); eta kadete mailan, Iker Egiguren (18) gailendu zaio Auritz Arrizabalagari (5).

Azoka Plazan, ohi bezala, baserritarren azoka egin dute: 29 postu jarri dituzte han, eta garaiko barazkiak, ogia, eztia, gozoak edota ukenduak saldu dituzte ekoizleek. Iaz bezala, txerriak ikusi ahal izan dira bertan, eta ume pila bat egon da haiei begira. Plazan, berriz, herriko zortzi ikastetxek zein elkartek postuak jarri dituzte, herritarrek jan-edanarekin sabelak bete ditzaten.

Udal Musika Bandaren kalejira ere izan da goiz partean, eta gainera, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldea ibili da kalez kale giroa alaitzen. Bertsolariak ere aritu dira kantuan eguerdi partean: hain zuzen ere, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizaso aritu dira zeregin horretan. Bestalde, Gaztetxekoen orga ere ibili da kalea girotzen. Gainera, herri kirol jaialdia egin dute, herriko plazan. Aizkoran Mikel Larrañaga eta Iker Vicente aritu dira; harrijasotzen, berriz, Udane Ostolaza, Aimar Irigoien eta Joseba Ostolaza.

12:00etan, urtero bezala, Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria banatu dute udaletxeko aretoan. Aurten, Xake Produkzioaken Lur antzezlana izan da ikusleentzat lanik onena, eta talde horretako ordezkariak izan dira udaletxean; besteak beste, han izan da Erika Olaizola aktore azpeitiarra, bera baita obrako protagonista. Josu Labaka Kultura batzordeburuak eman die saria: "Kalitate handiko lanak izan ditugu aurtengoan, zuena tarteko, eta ohore bat da zuei sari hau ematea. Zorionak!", adierazi du. Xake Produkzioakeko kideak pozik agertu dira ikusleen saria jaso izanagatik.

Horrez gain, Itsasiko ttuntturroen eta Juan Antxieta musika eskolako trikitilarien kalejira izan da, eta erraldoiak eta buruhandiak ibili dira kalez kale Eltziegoko gaiteroek lagunduta. Gainera, Sareren photocal gunea izan da Plaza Txikian.

Arratsaldean ere jarraituko du festak. DJ Referee ariko da plaza musikaz alaitzen, eta 18:00etan, Gazteen XVIII. Dantza Sueltoko Azpeitiko Txapelketa jokatuko da, Sanagustin kulturgunean. 19:00etan, Jainekin txaranga ibiliko da kalez kale, eta 23:30ean, DJ Kanpax ariko da Sanagustin kulturgunea girotzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide