Abenduan sartu berriak gara. Hotza hezurretaraino sartzen da garaiotan Euskal Herrian eta ohi baino pauso arinagoz noa eskolatik etxerako bidean. Igogailutik ateratzerako, ahots hautsi ezagun bat deiadarka, etxeko atea zabaldu eta konfimazioa. Sehaskatik emana zait akorde kaden-tzia hau. Izenik ez diet jartzen, baina kanta-tzen badakizkit. Ama sofan eserita dago e-tsiak jota bezala, eta errekasto bi darizkio begietatik okotzeraino. Albistea eman berri dit, eta zerbait zartatu da gugan. Ez gugan bakarrik, dolua askorena izango da.
Halaxe oroitzen dut duela hamar urteko abenduaren 1a. Esan gabekorik ba ote dagoen zalantzan jartzen hasi naizenerako, eginda neukan Laboaren nire definizioa –zuzen dezadan, zirribirroa–. Arrazoia osatzen joan ahala, enegarren aldiz bere kantak aditzean, ertz berriak topatu izan dizkiot gure etxeko eta nire umetako Laboari. Beti harritzen nau, nola denboran hala suhartasunean, iraunkorra baita berekiko dudan afana. Bizitzan oso gauza gutxirekin gertatu izan zait hori.
Laboaren kantek badute halako erakarpen aparteko bat. Beren sinpletasunean, gutxi bezala heltzen dira jendearengana eta estetikoki irudi indartsuak dakartzate. Indarraz mintzo, ezin ahatz nezake Laboaren zuzenekoa. Bere azken kontzertua entzuteko zortea izan nuen –zuri eskerrak, ama–, eta erabat ahultzen hasitako pertsona batek agertokian hartu zuen presentzia datorkit akordura lehenengo memoria kolpean. Askok aipatu dute zuzenekoetan lortu ohi zuen konekxio betea, eta ez zaie arrazoirik falta, inpaktantea zen. Hango ahots, hemengo hots, hitz, olerki herrikoi eta abarren bitartez jasotzen zuen ahozkotasuna goien gradura.
Denon Laboa
Figura konpartitu bat da Mikel Laboarena, oso gurea eta oso denona. Euskaldunok badugu aita ponteko berezi bat obra bete perla debalde eman ziguna, kantetan imajinario propio bat eratu zuena eta belarri kolektibora tatuatuta bezala geratu diren aireak konposatu zituena –ihes beterik ez da zilegi eta ez da posible zure kasuan, Mikel–. Dena diogu eskertzeko, beraz.
Horren da gurea eta horren da denona, ezen edonork darabilen nire Laboa nahieran. Eta niri min ematen dit nire Laboa edozein e-txetan zein eskaparatetan edozer ordezka-tzen ikusteak. Nor naiz ni, hala ere, beren Laboarekin zer egiten duten epaitzeko. Uniber-tsaltasunak arrisku hori dakar, apropiazioa eta desitxuraketa. Sinboloak behar ditugu, gure kausaren bizkarzaina izango den epika sortzea. Eta nik txoria nuen maite.
Nire Laboa betikoa eta berria da, soila bezain sakonekoa, tradizionala baina transgresorea; espiritualtasun ateoa. Nire Laboa askea, hots, konprometitua da, etsipena eta esperantza da; utopia lurtarra. Bikoiztasun etengabea da plano bakarrera ekarrita, baina batez ere, haustailea eta eraikitzailea da. Horrek, gaurko eta hemengo Euskal Herrian esan nahi duen guztiarekin.
Kantatzen dugunero jaioko ahal da nire Laboa. Ez bedi egundo fosildu.