Abenduaren 8an, Maria Sortzez Garbiaren jaia ospatzen du Eliza katolikoak. Kontzepzio, "Kontzeziyo". Nik ere bai. Zorionak Kontxi, Sorkunde eta Garbiñe guztiei.
Sortzez Garbiaren dogma, ordea, guztiz ulertezin bilakatu zaigu, "jatorrizko bekatua" deritzon dogma bezalaxe. Alegia: Adam eta Eva izeneko bikote batengandik gatozela denok, haiek Jainkoaren agindua –"Ez jan ongiaren eta gaizkiaren zuhaitzeko fruiturik"– urratu zutela eta paradisutik jaurtikiak izan zirela, eta harrezkero haien bekatuaren errua eta zigor latza –sufrimendua, grina txarrak eta heriotza– daramatzagula soinean guztiok sortzetik bertatik. "Jatorrizko bekatu" horren errudun eta zigordun jaiotzen garela guztiok. Denok, bat bakarra salbu: Nazareteko Maria.
Hori dio dogmak, baina horrela esanda ez du zentzurik. Adam eta Evarena mitoa da, ederra, irakaspenez eta jakindriaz jantzia, mito eta ipuin eder guztiak bezala. Baina mitoek ez digute erakusten antzinan zer gertatu zen, gaur eta hemen zer gertatzen den baizik, eta etorkizun hoberako bidea nola zabaldu.
Zu eta ni, denok gara Adam eta Eva. Adamek lurrezko esan nahi du; Evak bizidun. Denok gara lurrezko eta bizidun. Eta "Jainkoak" bizi-arnasak esaten digu: "Bizi zaitez, eta zaindu ezazu biziaren zuhaitz izerdia zeuregan eta hurkoarengan. Ez zaitez, bada, jabetu ongiaren eta gaizkiaren ezagutzaren zuhai-tzaz, zurea bakarrik balitz bezala, zu bazina bezala ongiaren eta gaizkiaren jabe, irizpide eta neurri. Zure ongia guztien ongi da. Besteen gaizkia zure gaizki".
Ez gara "errudun", ez dugu gaizkia jakinaren gainean eta nahita egiten, inkontziente eta ezjakin garelako baizik. Gaizkileari ez diot, beraz, zigorrik opa, baina erantzukizuna eskatzen diot: jabetu dadila egin duen kalteaz, erantzun dezala ongile bihurtuz. Mundu zauritua ez dute zigorrek onduko, erantzukizunak baizik. Eta sinesten dut ahal dugula, ontasun ongilea baita gure izamen. Edo "Jainkoa".