720 lagunek eman dute izena San Silbestre lasterketan

Uztarria.eus 2018ko abe. 29a, 15:15

Iazko irteerako irudia.

Guztira, 900 dortsal dituzte prestatuta antolatzaileek, eta beraz, oraindik badago izena emateko aukera. Gaur amaituko da Internetez izena emateko epea, 23:59ean. Bihar eta etzi Azoka Plazan izango da horretarako aukera.

Bi egun baino ez dira falta urtea amaitzeko eta San Silbestre lasterketarako. Xeye atletismo taldeak antolatzen du proba, eta talde horrek jakinarazi duenez, momentuz, 720 lagunek eman dute izena. Guztira, 900 dortsal dituzte prestatuta, eta beraz, oraindik badago izena emateko aukera. Gaur amaituko da Internetez izena emateko epea; 23:59ra bitartean eman daiteke izena, Kirolprobak plataforman, bederatzi euroren trukean. Dena den, bihar eta etzi ere izango da izena emateko aukera: bihar, igandea, 17:00etatik 20:00etara eta astelehenean 10:00etatik 11:20ra Azoka Plazan izango dira antolatzaileak izen-emateak hartzen eta dortsalak nahiz kamixetak banatzen.

Ohi bezala, 6,2 kilometroko ibilbidea egin beharko dute lasterkariek. Azpeitiko plazatik abiatuko dira, 12:00etan, eta leku berean amaituko dute proba; bitarte horretan, bi itzuli emango dituzte herrigunean. Aurtengoan, baina, lehen itzulian Frontoi Txiki paretik eta parroki aurretik igaro beharrean, Erdikaletik pasatuko dira korrikalariak, azoka dela eta. Horregatik "pazientzia" eskatu dute antolatzaileek, lasterkari azkarrenek jende dezenteri itzuli bateko aldea aterako dietelako.

Proba nagusiaren aurretik, Xeyek eta Txolartek elkarlanean antolatzen duten lasterketa irekia egingo dute. 500 metroko ibilbidea egin beharko dute animatzen direnek, 11:30ean plazatik abiatuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide