Errege Magoen pajeek bihar egingo dute Azpeitira bisita. Hain zuzen ere, umeen gutunak jasoko dituzte 17:30etik aurrera, Sanagustinpean edo udaletxeko arkupeetan. Baigera jubilatuen elkarteak antolatuta iritsiko dira udaletxearen azpira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, eta herriko umeek horiekin egoteko eta Errege Magoentzako gutunak horiei emateko aukera izango dute.
Errege Magoak, berriz, etzi, urtarrilak 5, iritsiko dira herrira. Aurten, baina, aldaketa nabarmen bat izango da horien iritsieran; izan ere, Burdinbidearen Euskal Museoa itxita egongo da, eta txu-txu trenean helduko dira Erregeak Azpeitira. Lasaora 17:00etan iritsiko dira, eta 17:30ean Soreasuko Sebastian Donearen Parrokiaren aurrean izango dira. Errege Magoek parrokiako jaiotza ikusiko dute, eta bertaratzen diren haurrak agurtuko dituzte.
Kabalkada, berriz, 19:00etan hasiko da, ohi bezala, igerilekuaren aurretik. Urteroko legez, herriko gaztetxoen laguntza izango dute Meltxorrek, Gasparren eta Baltasarrek ibilbidean. 20:00ak aldean iritsiko dira horiek denak plazara, eta udaletxeko balkoira igoko dira Errege Magoak. Ibilbidean zehar 600 kilo gozoki inguru banatuko dituzte Erregeek.