Azkoitia-Azpeitia Euskal Herriko maratoi erdi onena izan zen iaz ere; izan ere, Espainiako Atletismo Federazioak emandako puntuazioa tarteko, nazioarteko maratoi erdi hori Espainiako hainbat lasterketekin osatutako sailkapeneko seigarren postuan dago –azken urteetan postu horretan ageri da–. Diego Garciaren oroimenezko proba udaberriro egiten dute, eta atzo jaso zuten haren antolatzaileek maratoi erdien rankinga.
Horiek jakinarazi dutenez, 2018an 15 kilometroko proben eta maratoi erdien artean bosgarren puntuaziorik onena eskuratu zuen, probaren mailagatik –atleten maila eta markak–, antolakuntza gaitasunagatik eta parte-hartzaile kopuruagatik. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileen arabera, beraiek antolatzen duten probak puntuazio "baxuenetakoa" izaten du parte-hartzaile kopuruari dagokionez, baina "altuenetakoa" atleten mailari dagokionez: "Horri esker mantentzen gara sailkapenean hain goian".
Martxoaren 30ean jokatuko da 2019ko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, eta abenduaren erdi aldetik zabalik dago izen-emate epea. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gaur-gaurkoz 200 bat lagunek eman dute probarako izena. Aurtengoa probaren 26. edizioa izango da. Iaz Mark Kiptoo lasterkariak Master 40en Mailako munduko errekorra ezarri zuen Azkoitia-Azpeitian.