ISBren bi talde nagusiek ligako partidak jokatuko dituzte datorren asteburuan. Etxeko lanak egiten aurrenak Juaristi ISBko mutilak izango dira. Haiek Extremaduran jokatuko dute partida zapatuan, hilak 12, eta Plasencia izango dute aurrez aurre. Azken bi neurketak irabazita, Lolo Encinasen taldea bere onera dator. Sei onenen artean sailkatzea nahi du Azpeiti-Azkoitiko taldeak, eta hori lortzeko larunbateko partida irabaztea garrantzitsua da. Oraingoz, Ander Merketegirena da Juaristi ISBk aurreikusten duen baja bakarra. Gainerako jokalariak prest daude zapatuko hitzordurako, Beñat Heviaren eta Spencer Reavesen fitxaketak tarteko.
Añares Rioja ISBko neskek igandean jokatuko dute asteko partida, etxean. Azpeitiko kiroldegian arituko dira lehian, 11:00etan hasita, Gaztela eta Leongo Patatas Hijolusaren aurka. Partida garrantzitsua eta zaila izango da Luis Agirreren gidaritzapean dagoen taldearentzat. Izan ere, Leongo neskak sailkapenean bigarren doaz. Añaresek bigarren postua eskuratzeko borrokan sartu nahi du, baina igandeko partidan ez du ohiko hasierako taldea ateratzerik izango, bi baja nagusi baitaude. Hattyk eta Brihanna Jacksonek ezingo dute partida jokatu.