Harri-jasotze apustua izango da maiatzaren 4an zezen plazan

Uztarria.eus 2019ko urt. 13a, 14:17

Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarrak eta Imanol Albizu Goikoetxe elgoibartarrak atzo itxi zuten akordioa, Mendizabal erretegian. Bi harri-jasotzaileek hamar minutuko hiru txanda egingo dituzte 125 kiloko kubikoarekin.

Atzo itxi zuten erronkarako tratua Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Imanol Albizu Goikoetxe harri-jasotzaileek. Azpeitiko Mendizabal erretegian elkartu ziren, Goikoetxek botatako erronkaz hitz egiteko, eta akordiora iritsi ziren: maiatzaren 4an Azpeitiko zezen plazan egingo dute apustua bi harri-jasotzaileek.

Desafioan 125 kiloko kubikoarekin hamar minutuko hiru txanda egitea proposatu zion Goikoetxek Izeta IV.ari, eta halaxe egingo dute; izan ere, bi kirolariek ez zuten lan handirik izan atzokoan desafioa adosteko.

Goikoetxe elgoibartar harri-jasotzaileak joan zen urtarrilaren 6an bota zion erronka Zarauzko Izeta IV.ari, Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia kirol saioan. Goikoetxek apirilean nahi zuen apustua egitea, baina maiatzean egitea adostu zuten atzo.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide