Galdu egin dute Añares eta Juaristi ISBk, maila ona erakutsi arren

Añares ISBren eta Hijolusaren arteko neurketaren hasierako irudia. (ISB)

Emakumeen taldeak 72-76 galdu zuen etxean Leongo Patatas Hijolusaren kontra, eta gizonenak, berriz, 77-73 Extremaduran, Plasenciaren kantxan. Asteburu honetan etxean jokatuko dute Iraurgiren bi talde nagusiek: Juaristik ostiralean, Azpeitian; eta Añaresek zapatuan, Azkoitian.

Nahiz eta biek oso partida onak jokatu dituzten, emaitzei dagokienez ez da batere emankorra izan asteburua Iraurgi Saskibaloiaren bi talde nagusientzat.

Añares ISBk gertu izan zuen garaipena Leongo Patatas Hijolusaren aurka (72-76) Azpeitiko kiroldegian. Hatty eta Brihannaren bajekin ezinezkoa zirudien LF2 mailako talderik indartsuenetakoari aurre egitea, baina Luis Agirreren taldeak denboraldiko partidarik onenetakoa jokatu zuen. Kirolean garaipena bada ere balio duena, igande goizeko partidak, galdu arren, askorako balioko dio Añaresi. Nabarmendu beharrekoa da etxeko jokalari gazteek erakutsi zuten maila eta kasta, eta azpimarratzekoak Intza Lizarazu kapitainak lortutako 20 puntuak.

Datorren zapatuan jokatuko du hurrengo jardunaldia Añares ISBk eta berriro ariko da etxean, baina kasu horretan Azkoitian. Barcelonaren kontra jokatuko dute Agirrerenek, 17:00etan.

Juaristi ISB ere irabazteko zorian izan zen Extremaduran, Plasenciaren kantxan, Zilarrezko LEB ligako jardunaldian. 77 eta 73 galdu zuten Iraurgikoek oso gutxik garaipena lortzen duten pistan. Juaristiren partida hasiera ikaragarria izan zen. 14 puntuko errenta ere lortu zuten; baina bigarren zatian Plasenciak, bere benetako maila emanda, markagailuari buelta emateko aukera izan zuen. Orlov izan zen berriro ere Lolo Encinasen taldeko onena. Sanzek eta Reavesek ere lan bikaina egin zuten.

Juaristik Azpeitian jokatuko du ostiral gauean, 21:00etan, Baskoniaren aurka.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide