Sansebastianak 2019

Helduak ere hasi dira danborrei hautsak kentzen

Uztarria.eus 2019ko urt. 16a, 10:19

Haurrek nola, helduek ere hala. Atzo arratsaldean egin zuten umeen danborradarako lehen entsegua herriko gaztetxoenek, eta iluntzean elkartu ziren helduen danborradako taldeetako kideak iaztik gordeta zituzten danborrei hautsak kentzeko. 21:00etan elkartu ziren ehunka danbor-jotzaile Izarraitz pilotalekuan, eta ordubete inguruz aritu ziren San Sebastian jaietako abestiak entseatzen, Udal Musika Banda lagun zutela. Entsegua ikustera ere bertaratu zen hainbat herritar, eta hainbat gaztetxok zuzendari makilekin trebatzeko tartea hartu zuten frontoiko eserlekuetan zirela.

Aurtengoan ere 27 taldek parte hartuko dute helduen danborradan; ez da talde berririk izango, baina bai zuzendariak. Izan ere, bost zuzendari berri aterako dira San Sebastian bezperako helduen danborradan: Begoña Orbegozo (Gastadoreak), Iraitz Olaizola (Arrantzaleak), Ivet Astiazaran (Zezenzaleak), Xabier Borda (Gure Ametsa) eta Edurne Arruabarrena (Julian Barrenetxea abesbatza). Horiekin guztiekin hitz egin zuen Uztarria.eus-ek atzo, lehen entsegua bukatu berritan, eta haien adierazpenekin osatutako bideoa datozen orduetan izango da ikusgai webgune honetan.

Umeek nahiz helduek gaur eta bihar egingo dituzte azken bi entseguak: umeenak 16:00etatik 16:50era izango dira Izarraitzen; helduenak, berriz, 21:00etatik 22:00ak aldera arte. Gaurko helduen entseguan ez da Udal Musika Bandarik izango danborradako piezak zuzenean jotzen; bihar, berriz, bai.

Hona hemen atzoko entseguko argazki batzuk:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide