Lagun Onak Mendi Bazkunak berehala hasiko du 2019ko egitasmo nagusia: hau da, Bermeo eta Oion lotzen dituen GR-38, Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea. Guztira, 166 kilometro egingo dituzte mendizaleek, zortzi etapatan banatuta. Gainera, zortzi etapak egiten dituenarentzat oparia izango da.
Urtarrilaren 26an, larunbatez, egingo dute lehen etapa. Hain zuzen ere, Bermeotik Gernikara joango dira, 20,5 kilometroko ibilbidea osatuz. Anbulatorio aurretik abiatuko da autobusa Bermeora, 08:00etan, eta Gernikaraino oinez joango dira partaideak, GR-38 ibilbidea jarraituz. Ibilaldia 16:00-16:30 inguruan amaituko dela aurreikusten dute antolatzaileek, eta beraz, inguru horretan hartuko dute Azpeitira itzultzeko autobusa.
Ibilbidean zehar hiru geldialdi egingo dituzte. Lehena hamabost minutu ingurukoa izango da, hamaiketakoa egiteko; bakoitzak bere hamaiketakoa eraman beharko du, tabernarik ez dagoelako inguruetan. Bigarren geldialdia 30 minutukoa izango da, eta bazkaltzeko baliatuko dute; San Kristobal inguruan egingo dute atsedenaldia, eta han ere tabernarik ez dagoenez, noraberak eraman beharko du bere bazkaria –iturria badago–. Azkenik, Gernika erdialdean hamabost minutuko atsedena hartuko dute.
Irteeran parte hartu nahi duenak urtarrilaren 24rako eman beharko du izena, Lagun Onak Mendi Bazkunaren tabernan edo elkartearen webgunean. Bazkideek zortzi euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek, hamar euro. Informazio gehiago nahi duenak, www.lagunonakmb.org atarian eskura dezake.