Atzo, asteazkena, egin zuten 2019ko sansebastianetarako aurreneko entsegua elkarteetako eta taldeetako danbor-joleek eta zuzendariek. Unai Frantzesenak gidatuta, zapatuan Azpeitiko kaleetan zehar eskainiko dituzten kantuak fintzen aritu ziren atzokoa. Batzuentzat urteroko hitzordua izango zen arren, beste zenbaitentzat berezia izan zen. Hain zuzen, aurten aurrenekoz zuzendari lanetan aterako diren lagunentzat. Xabi Bordak, Begoña Orbegozok, Ivet Astiazaranek eta Iraitz Olaizolak aurrenekoz zuzenduko dute beren taldea urtarrilaren 19ko helduen danborradan. Edurne Arruabarrenak, aldiz, hamar urte eta gero berriro hartuko du zuzendari makila. Festen atarian zuzendari berriekin solastu dira Uztarria eta Urola Kostako Hitza.