"Udaltzain beharrari erantzuteko" lan poltsa osatzeko deialdia irekitzear da Azpeitiko Udala. Deialdiaren oinarriak atzo argitaratu zituzten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Izena emateko epea, berriz, astelehenean irekiko da eta otsailaren 15a arte izango dute interesa dutenek eskaria eta agiriak udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkezteko.
Udaltzain izateko lan poltsan parte hartzeko ezinbestekoa izango da eskola graduatua, lehen mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea den titulua izatea (atzerriko titulazioen kasuan, titulua homologatuta dagoela dioen ziurtagiriaren jabe izatea), eta IVAPen 2. hizkuntza eskakizuna izatea.
Lan poltsan izena eman eta onartuak direnek hautaketa prozesu bat gainditu beharko dute ondoren, behin betiko lan poltsan egoteko.
Deialdiaren oinarriak eta eskaera orria azpeitia.eus webgunean jarri ditu Udalak, parte hartu nahi duen ororen eskura.