Sansebastianak 2019

Eguraldi petralagatik San Sebastian eguneko prozesiorik ez da egin

Uztarria.eus 2019ko urt. 20a, 13:40

San Sebastian eguneko goizeko ekitaldiak eguraldiak baldintzatu ditu gaur; tarteka euri zaparrada mardulak egin ditu, eta, ondorioz, ez da egin proseziorik Alde Zaharreko kaleetan. Ardo Zaleak eta Gure Ametsa elkarteetako danbor taldeak, Izarraitz txistulari taldekoak eta Musika Banda izan dira goiztiarrenak kalea girotzen. Euria ari zuela eta, bi danbor taldeek ohi baino ibilbide motzagoa egin dute. Segidan, Udabaltzako kideekin batera udaletxetik Sebastian Donearen parrokiarako bidea egin dute. Gaur, baina, ez dute San Sebastianen irudirik atera parrokiatik, eguraldi txarragatik. Ez da prozesiorik egin.

Parrokiaren barruan, elizkizunaren hasieran izan da berritasunik. Ardo Zaleak eta Gure Ametsa danbor taldeek eta Musika Bandak San Sebastin martxa jotzen zuten bitartean, Itsasiko bi dantzarik aurreskua dantzatu dute. Ondoren, meza nagusia izan da Julian Barrenetxea abesbatzak abestuta eta Ignacio Arakistain organo jole dela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide