San Sebastian festen barruan, gaur, San Sebastian egunez, eguerdian eta arratsaldean ibili da zezena herriko plazan eta Alde Zaharreko kaleetan. Euria egin arren, jende asko ibili da sokamuturrean. Eguerdian eta arratsaldean Arno ganadutegiko zezenak ibili dira sokan. Baina zezenzaleentzako saioak ez dira gaur bukatu, datorren igandean (urtarrilak 27) eguerdian eta arratsaldean izango dira ekitaldiak Zezen Beltz taldeak antolatuta. 12:00etan, zezen txikiak eta poniak eta sokako zezen txikia izango da Erdikaletik herriko plazara bitartean. Arratsaldean, 16:30etik aurrera, sokamuturra izango da Erdikale barrenetik hasita. Bergarako Zezenak ganadutegikoak aterako dituzte orduan.
Gaur, eguerdian eta arratsaldean, sokamuturraren kontrako elkarretaratzeak egin dituzte herriko plazan. Zezena plazan zebilen bitartean, dozena bat lagun inguru bildu da azoka plaza aurrean eta animalien aldeko eta sokamuturraren kontrako hainbat lelo oihukatu dituzte euskaraz eta gazteleraz.