Herriko bandera jaisteko danborrada ateri zela hasi dute 23:15ean Olazko Andre Mariaren plazaren ondotik. Helduen danborradako sei taldek parte hartu dute Musika Bandarekin batera, Irrintzik, Txalintxok, Arauntzak, Sanjuandegik, Izarraitz Txokok eta Zokoak. Kalean beherako bidea hartu orduko, ordea, euria hasi du eta hala egin dute ia danborradaren ibilbide osoa. Talde guztiak herriko plazan bilduta zeudenean ere zaparrada galantak egin ditu. Gaueko hamabiak jo orduko San Sebastian martxa jotzen hasi dira, eta udaletxeko balkoian herriko bandera jaitsi dute Mikel Ibarzabal Festa Batzordeburuak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Euri jasa hasi du orduan, baina danbor taldeek umorearekin eutsi diote. Hala ere, bandera jaitsierako danborradan jo ohi dituzten baino pieza gutxiago jo dituzte aurten herriko plazan.