Di-da edo 'slow'? Hor dago koska

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Aguado 2019ko urt. 21a, 12:06

(Olatz Aguado)

Olatz Aguadok Uztarria aldizkariaren 2019ko urtarrileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Dinamoa piztu dadin, denok eragin beharko dugu. Denda txikiak itxi ez ditzaten, bertan erosi beharko dugu. Baserritarrek etsi ez dezaten, sasoikoa azokan eta antzekoetan erosi beharko dugu. Argaltzeko, gutxiago jan eta ariketa fisiko gehiago egin beharko dugu.

Urte hasierako teoriaren Power Point-a ederki asko dakigu denok. Baina Power Pointaren argitan konformatzen bagara, azalean gelditzeko eta erronka izan behar liratekeenak urtzeko eta ahazteko arrisku latza izango dugu. Urte berriarekin batera erronkekin puzten zaizkigu burua eta gorputza, gure ametsetako gailurra behin betiko lortuko dugunaren bihozkada izango bagenu bezala. Gogorra da gero, e? Eta urtero berdin gara!

Urte berria, batere errurik gabe, erronkaz betetzen dugu, urte osoaren eta denboraren jabe bagina gisa. Jakin, jakin beharko genuke, ordea, erronka txikia nahiz handia izan, pauso txikiak emanez lortuko dugula; norbanakoaren nahiz komunitatearen edo kolektibo jakin baten erronka izan, denok norabide jakin batean pausoak emanda lortuko dugula, alegia.

Nire ustez, pausoak elkarrekin emateko, informazioaren, kontzientziazioaren, enpatiaren eta komunitatearen parte izatearen kontzientzia eredu egokiak eta egokituak behar dira. Horrek denon parte-hartzea ekarriko du, eta parte-hartzeak erantzukizuna berarekin dakarrenez, denok gara erantzule zuzenak erronkaren aurrean.

Komunitateari dagokion erronka bada, denok dugu hori aberasteko, iradokizunak egiteko, borondatezko lanak egiteko, informatzeko nahiz eredu xume izateko erantzukizuna. Era horretan, erronka barneratzen eta geure sentitzen badugu, norabide berean ez bada antzekoan joango gara aurrera.

Erronkara bidaia

Erronka lortu ahal izateko bidaia, ordea, luzea izan ohi da askotan. Bidaia luzearen alde ona da, bide luzea duela. Txikitan furgonetaz milaka kilometro egiten genituenean bezala, bidea bera bidaiaren parte egin beharko genuke denok. Izan ere, ez dira gauza bera di-da lortzen den erronka eta oztopoz betetako bidea lagunekin egindakoan lortutakoa.

Gaur egun erronkak di-da lortu daitezkeela pentsatzea akatsa da nire ustez. Beno, erronkak eta erronka ez direnak hala lor daitezkeela pentsatzea. Gauzak lortzeko di-da horren aukera izatea ez da batere gaizki etortzen, baina gauza jakin eta zehatz batzuk lortzeko... Di-daren sistema ez da kolektiboki erronka egonkorrak lortzeko egokia.

Azaldutakoa, aurtengo erronken teoria bezala, jakin jakingo duzue, baina praktikan jartzea falta! Erronkak lortzea ez da erraza, baina bai norberak kolektiboan pauso txikiak ematea, baita lanean ari direnei babesa eta enpatia azaltzea ere. Nire ustez, askotan, erronkak bi aldeetan banatuta egon ohi dira: itzaltzen ari direnena eta pizteko erantzukizuna dutenena. Eta ez luke hala izan behar, itzaltzen ari denak haizearen babesa bilatu beharko baitu indarberritzeko eta erabat ez itzaltzeko. Eta pizteko ahalmena duenak, berriz, urrutikoa eta arrotza dena piztu beharrean, gertukoa eta bertakoa pizteko erantzukizuna ikusi beharko luke.

Orain di-daren zurrunbiloarekin alderatuta horren modan dagoen slowa proposatzen dizuet. Slow hartu estreinatu berri dugun urtea, eta gozatu bidaiaren bidean!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide