Sansebastianak 2019

San Sebastian jaien balorazio "oso positiboa" egin du Udalak

Uztarria.eus 2019ko urt. 22a, 21:17

Helduen danborradako irudi bat.

Asteburu osoan, herrian "jendetza" izan dela azpimarratu du erakundeak, eta herritarrek nahiz bisitariek festaz "normaltasunez" gozatu ahal izan dutela ere adierazi du. San Sebastian egunean eguraldi txarra eginagatik, prozesioa ez beste ekitaldi guztiak egin zirela gogorarazi du Mikel Ibarzabal Udaleko Festa batzordeburuak. Hark eskerrak eman dizkie herritar guztiei.

San Sebastian jaiak bukatu berritan, festen balorazio "oso positiboa" egin du Azpeitiko Udalak. Asteburu osoan, herrian "jendetza" izan dela azpimarratu du erakundeak, eta herritarrek nahiz bisitariek festaz "normaltasunez" gozatu ahal izan dutela ere adierazi du. "Larunbatean zein igandean, jendetza ibili da kalean, eta normaltasuna izan da nagusi", esan du Mikel Ibarzabal Udalekon Festa batzordeburuak. Festak emandakoarekin gustura da zinegotzia, nahiz eta euria egin zuen umeen danborradan nahiz banderaren jaitsierakoan: "Lastima da; izan ere, danborradek irten zutenean, goizean zein gauean, ateri zegoen.

Dena den, taldeak plazara iristerako euri jasa hasi zen". Dena den, San Sebastian egunean eguraldi txarra eginagatik, prozesioa ez beste ekitaldi guztiak egin zirela gogorarazi du Ibarzabalek, eta eguraldiak festan ez zuela eragin esan du. "Ikaragarria izan da danborradetako parte-hartzea, eta eskerrak eman behar dizkiegu festa hauek aurrera ateratzeko, era batera edo bestera lanean aritu diren herritar guztiei", esan du. Ibarzabalen ustez, sansebastianetan "herritarrak eta parte-hartzea" izaten dira nagusi: "Parte-hartze handia izaten da festa hauetan. Danbor taldeetako arduradunekin bilerak egiten ditugu jaiak iritsi aurretik, eta antolakuntzak eta koordinazioan ere denok aritzen gara elkarlanean". Festa batzordeburuak gogorarazi du aurten berrikuntza bat ere izan dela: hain zuzen ere, San Sebastian egunean Itsasi dantza taldeko kideek zortzikoa dantzatu zuten San Sebastian Martxa parrokian jotzen zuten bitartean. "Dantza egitea proposatu zigun taldeak, eta benetan momentu polita izan zela esan beharrean gaude", erantsi du Ibarzabalek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide