Aynuera

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2019ko urt. 28a, 11:22

Hiromi Yoshidak Uztarria aldizkariaren 2019ko urtarrileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Aynu jendearen hizkuntza da aynuera. Eta non bizi dira aynuak? Ba, Japoniako iparraldean, Hokkaidon gehienbat; lehen, berriz, egun Errusiaren zati diren Sakhalinen eta Kuril Uharteetan ere bai. Kontua da, gaur egun Hokkaido Japoniaren zati den arren, aynuak antzinatik hor bizi izan direla, eta egun batean, ondo ulertzen ez zituzten arrazoiengatik, Japoniako Estatuaren barruan geratu zirela. Aynueraren jatorria, euskararena bezala, oraindik ez dakigu non dagoen. Adituek diotenez, aynuera orain dela gutxi galdu zen; duela gutxi zendu zen azken hiztun natiboa. Hiztun natiboak desagertzen direnean jo ohi da hizkuntza hori hiltzat. Beraz, XXI. mende honetan, hizkuntza bat nola galdu den aurrez aurre ikusi dugu. Ez dut hemen kontatuko nolatan iritsi den aynuera bukaera negargarri horretara.

Batzuentzat hizkuntzen galera ez da hain penagarria, baina hizkuntza kulturaren arlo izugarri garrantzitsua da. Edo ez da arlo bat, baizik eta kulturaren oinarria da, eta gure nortasunak oinarri daukan zerbait dela pentsatzen badugu, hizkuntza galtzea eta gure izatea galtzea gauza bera izan daitezke.

Bestalde, idazteko sistemarik ez zuten aynuek ahozko literatura itzela daukate. Ahoz aho milaka urtetan transmititutako bilduma erraldoia grabatuta eta idatzira pasatuta dago egun. Beraien musika eta dantzak ere badituzte, baita mota askotako berezko eskulanak eta beraien jainkoak gurtzeko hainbat zeremonia ere. Baina hizkuntzarik gabe, hutsune izugarria sentitzen da. Orain, beraien burua aynutzat duten gazteak gogoz ari dira aynuera ikasten, Hokkaidoko herri askotan antolatuta dauden eskoletan. Dena den, egunerokotasunean erabili gabe oso zaila da hizkuntzak bizirautea.

Euskararen egoera askoz hobea da, baina ez bagara kontu handiz ibiltzen, hortxe dago galbidea. Joxean Artzeren hitzak ez daude zaharkituta, eta ez dira inoiz zaharkituko, ez Euskal Herrian, ez beste inon

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide