Santa Ageda egunaren bueltan ospatuko dituzte aurten ere Matxinbentako festak. Ostiralean hasi eta asteartean bukatuko dira festak, eta egun horietan guztietan izango da zer eginik auzoan. Izan ere, askotariko ekitaldiak antolatu dituzte urtero moduan.
Ostiralean hasiko dira jaiak. Etxafuegoak bota ostean, 22:00etan, Mus Txapelketa egingo dute tabernan. Lau erregetara, lau hamarrekotara eta lau usteletara jokatuko dute txapelketa, eta irabazleek txapelak eta 200 euro jasoko dituzte. Bigarren sailkatzen direnek, arkumea eta bi txanpain botila eskuratuko dituzte, eta hirugarren sailkatzen direnek oilasko parea eta bi ardo botila.
Zapatuan segituko dute festekin. Arratsaldean puzgarriak, pailazoen emanaldia eta txokolatada egingo dituzte. Gauean, berriz, bertso afaria izango da Iker Zubeldiarekin eta Iban Urdangarinekin. Bertso afarirako txartelak aurrez erosi beharko dira Beheko tabernara joanda edo 943-88 63 15 telefono zenbakira deituta. Igandean, berriz, meza, umeentzako jolasak, pilota partidak eta herri kirolak izango dira.
Astelehenean izango da Santa Ageda bezpera, eta urtero moduan eta usadioari eutsiz, santa eskean aterako dira Matxinbentako auzotarrak goizean goiz. Auzoz auzo eta baserriz baserri ibiliko dira eskean, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe bertsolariak eta Laja eta Izer trikitilariek lagunduta. Festak asteartean, Santa Ageda egunean, bukatuko dira: meza, jubilatuentzat hamaiketakoa eta otarrearen zozketa egingo dituzte.
Hona hemen, festetarako prestatu duten egitaraua:
Otsailak 1, ostirala
Ilunabarrean, festen hasierako etxafuegoak.
22:00. Mus Txapelketa, tabernan.
Otsailak 2, zapatua
Arratsaldean, puzgarriak.
Ondoren, Xalto ta Xalto pailazoen emanaldia eta txokolatada.
Gero, bertso afaria, Iker Zubeldiarekin eta Iban Urdangarinekin. Lidia Irigoien eta Xabier Etxaniz trikitilariek alaituko dute giroa.
Otsailak 3, igandea
11:00. Meza.
Ondoren, umeentzako jolasak.
Segidan, Azpeitiko eta Beasaingo pilotarien partidak.
Eguerdian, herri kirol jaialdia. Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño ariko dira aizkoran, eta Mendibil eta Urra harrijasotzen.
Egun osoan zehar, Itzeder eta Txibilter trikitilariak ariko dira auzoa alaitzen.
Otsailak 4, astelehena, Santa Ageda bezpera
Auzotarrak santa eskean aterako dira, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe bertsolariarekin eta Laja eta Izer trikitilariekin.
Otsailak 5, asteartea, Santa Ageda eguna
11:00. Meza.
Ondoren, jubilatuentzat hamaiketakoa.
Festei bukaera emateko bertako produktuz betetako otarrea zozkatuko dute.
Segidan, etxafuegoak.