Zuzenbide Piriniarraren II. Jardunaldia Azpeitian egingo dute martxoaren 29an eta 30ean

Uztarria.eus 2019ko urt. 29a, 10:28

Nabarralde fundazioak eta Azpeitiko Udalak antolatu dituzte jardunaldiak, eta Basazabal jauregian izango dira saioak. Hilaren 30eko jardunaldirako beharrezkoa da izena ematea, eta www.nabarralde.eus atarian dago horretarako aukera. Hitzaldiak eta mahai-inguruak egin eta eztabaidarako tarteak zabalduko dituzte, eta euskara eta parte-hartze politikoa izango dira gai nagusiak.

Zuzenbide Piriniarra II. Jardunaldia izango da martxoaren 29an eta 30ean, Azpeitian. Kontzeptua, datuak eta zuzenbide piriniarra inguratzen zuen errealitatea ezagutzeko eta gaian sakontzeko antolatu dute jardunaldia Nabarralde fundazioak eta Azpeitiko Udalak, eta Basazabal jauregian izango dira saioak. Hilaren 30eko jardunaldirako beharrezkoa da izena ematea, eta www.nabarralde.eus atarian dago horretarako aukera. Izen emate arrunta hamar euro ordaindu beharko da, eta bazkaritarako txartelduna, 25 euro.

Jatorria eta sustraiak kontutan hartuta, gaur egungo gizartean zuzenbide piriniar hark duen eragina izango dute hizketagai martxoko bi egun horietan. Hitzaldiez gain, mahai-inguru eta eztabaidarako tartea ere izango da, eta euskara eta parte-hartze politikoa izango dira gai nagusiak. Nabarraldek jakinarazi duenez, jardunaldiekin Zuzenbide Piriniarraren existentzia bermatuta bizirauten al duen frogatu nahi dute: "Frogatu nahi dugu gaur egun jarraipenik ba ote duen, bere formetako edo adierazpideetako batzuk berreskuratzeko modurik ba al dagoen eta piriniar herrietako kultura berezi horrek etorkizunera begiratzeko tresnak eskaintzerik ba ote duen; hau da, lanari, gizarte antolakuntzari, pentsamendu politikoari kultura proiekzioari edo bestelako aukerei dagokienez".

Zuzenbide Piriniarraren lehen jardunaldia 2016ko maiatzean egin zuten Agurainen (Araba), eta ezagutza, informazioa, erreferentziak eta interpretazioak biltzeko eta bateratzeko saioa izan zen orduko hura.

Hona hemen Zuzenbide Piriniarraren II. Jardunaldietako egitaraua:

Martxoak 29, ostirala.

19:00. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Tasio Agerre Nabarraldeko lehendakariak egingo dute inaugurazio ekitaldia.

19:30-21:00. Inaugurazio saioa, J.L. Orella Unzuek eta Jaume Renyerrek eskainiko dute. Moderatzailea Luis Maria Martinez Garate izango da.

 

Martxoak 30, zapatua.

09:00-09:30. Akreditazioen banaketa.

09:30-10:00. Amaia Nausiak Euskal emakumeak historian eta Zuzenbide Piriniarrean hitzaldia eskainiko du.

10:00-11:30. Asisko Urmenetak foruei buruzko solasaldia eskainiko du.

10:30-11:00. Derecho Pirenaico en la memoria carlista hitzaldia eskainiko du Fernando Sanchez Aranazek.

11:00-11:30. Atsedena.

11:30-12:00. Mikel Letamizek Kooperatibak, pentsamoldea, antolakuntza... hitzaldia eskainiko du.

12:00-12:30. Peio Monteanok Euskara en la historia solasaldia eskainiko du.

12:30-14:00. Euskara, ahozko hizkuntza eta zuzenbide idatzia mahai-ingurua izango da.

16:00-16:30. Gaztetxeen inguruko hitzaldia emango du Hodei Mendinuetak.

16:30-17:00. Batzarreko, auzoko eta herriko erabakietan parte hartzearen tradizioa izenburupean hitzaldia eskainiko du Izaro Gorostidik.

17:00-17:30. Komunikazioak.

17:30-19:00. Herriaren erabakimena eta parte-hartzea: batzarrak, gaztetxeak, emakumeak, elkarte sozialak eta kultur elkarteak, ikastolak, instituzioak... mahai-ingurua.

19:00-19:15. Ondorioak eta itxiera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide