Agur, Gurutz

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria 2019ko ots. 3a, 12:05

Gurutz Ansola hil berri dela jakiteak penaz ilundu digu larunbat goiza Azpeitian. Zerua ere ilundu da, eta haizea, hotza, euria eta kaskabarra besterik ez ditugu izan. Herriko gune askotan, denbora askoz argia joan eta guzti egin da.

Nik Gurutz Ansolaren bizitzaren berri zuzena 2005. urtean izan nuen, Enekoitz Esnaolak Uztarria Azpeitiko herri aldizkarirako egin zion elkarrizketa dotore eta gomendagarria irakurri nuenean. Orduan hartu Gurutz Ansolaren figurak zentzu osoa nigan, bere bizitzak eta egindako lanak aho zabalik utzi ninduen, txapela kentzekoa zela ohartu nintzen. Datu bezala, elkarrizketaren unean Gurutzek 80 urte zituen eta eguneroko lanean jarraitzen zuen etengabe.

Gauza asko egin zituen Gurutzek, garaiak behar zuen tamainako erantzuna ematen asmatu zutenetakoa izan zen. Azpeitiko Errebalean ikusi zituen tropa frankistak Landeta aldetik sartzen, eta bere aita Bizkaia aldeko frontera Eusko Gudarestearekin joan zenetik Ekinen Karlos Santamariarekin, Zeruko Argian Koldo Mitxelenarekin, ekonomia irakasten, Ikastolen sorreran, politikagintzan, Karlos Garaikotxearekin, diputatu, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari, Deustuko Unibertsitatean eta UEUn klaseak ematen nahiz euskara babesten eta sustatzen aritu zen; zerrenda amaigabea da. Gainera, Uztarria Kultur Koordinadorak ohorezko bazkide izendatu zuen 2005ean.

Hori eta askoz gehiago izan zen Gurutz, eta lerro motz hauek ez diote justiziarik egiten. Gurutz Ansola euskaltzalea eta herrizalea izan zen, letra larriz, eta azpeitiar gehienak bezala ekintzaile nekaezina izan da.

Bere eredua eta lana nabaritu daitezke gure herrietan, eta Gurutzen heriotzak sortzen digun pena, poz eta harrotasun bilakatzen da; izan ere, hori da sortzen zaigun sentimendua, mundu hobe bat eraiki nahi dugunok Gurutz bezalakoak gugan ditugulako eta bidea egiten erakutsi digutelako.

Atzera begiratuz eta etorkizunerako bidegile gisa, Gurutz Ansola bezelakoekin ilunpea ez da hain iluna. Eta horregatik, justu horregatik, argia itzuli da gure herrira eta eguzkia ere atera da mundu hobe bat eraiki nahi dugunontzat. Gugan dugu jadanik Gurutz ere, eta berarekin zerua ere gure alde dago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide