Langabeentzat harakintzari buruzko ikastaroa antolatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2019ko ots. 4a, 12:40

Bost hilabeteko doako ikastaroa Zestoako Urkaikoren egoitzan izango da. Parte-hartzaileek harakintzaren industrian murgiltzeko aukera izango dute. Dagoeneko eman daiteke ikastaroan izena, Enplegu Zentrora e-posta mezua idatzita edo Azkoitiko nahiz Azpeitiko bulegoetara deituta.

Harakintza eta haragien elaborazioa izenburupean, bost hilabeteko prestakuntza ikastaroa antolatu dute HAZIk eta Lanbidek, Iraurgi Berritzenekin, Urola Kostako Udal Elkartearekin, Urkaikorekin eta Basatxerrirekin elkarlanean. Ikastaroa harakintzaren industrian murgildu nahi duten langabeentzat prestatu dute, eta ikastaroa egiten dutenek harakintza eta haragien elaborazioren bigarren mailako profesionaltasun ziurtagiria eskuratuko dute.

Elikagaien industriari begira diseinatu dute ikastaroa, eta haren helburua da eskualdeko langabeen lan kualifikazioa eta konpetentziak egokitzea, lan merkatura sarrera errazteko eta enpleagarritasuna hobetzeko. Ikastaroan parte hartzen duten herritarrek hainbat gaitasun eta konpetentzia landuko dituzte: alde batetik, haragia balioesteko eta zatitzeko nahiz haragi-produktuak eta haragi-prestakinak prestatzeko eta elaboratzeko eragiketak egiten ikasiko dute; bestetik, indarrean dagoen araudi tekniko-sanitarioa betetzeko eman beharreko urratsak ezagutuko dituzte; eta enpresa txiki batean haragi-produktuak merkaturatzeko gaitasunak ere barneratuko dituzte.

Ikastaroa doakoa izango da, saioak gaztelaniaz eskainiko dituzte eta ikastaroa Urkaiko baserritarren kooperatibak Zestoan duen emango dute. Guztira, bost prestakuntza modulu egingo dituzte, bost hilabetetan. Honako hauek dira ikastaroaren zatiak:

  • Haragiaren eta haragi-produktuen biltegiratzea eta bidalketa (40 ordu).
  • Haragiaren egokitzapena eta teknologia (120 ordu).
  • Haragi-prestakin freskoen elaborazioa (90 ordu).
  • Industriako haragi-produktuen elaborazioa eta trazabilitatea (180 ordu).
  • Lanekoak ez diren lanbide-jardunbideak harakintzan eta haragi-produktuen elaborazioan (80 ordu).

Dagoeneko zabalik dago izen-emate epea, eta informazio gehiago behar edo izena eman nahi dutenek enpleguzentroa@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzi ala Azpeitiko bulegora (943-02 60 69 telefonoa) edo Azkoitiko bulegora (943-85 11 00 telefonoa) deitu dezakete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide