Gaur, Santa Ageda egunean, amaitu dira Matxinbentako festak. Joan den ostiralaz geroztik Santa Ageda jaietan murgilduta izan dira auzotarrak. Ohi bezala, askotariko ekintzak egin dituzte egunotan; besteak beste, pilota partidak eta herri kirolak izan ziren igandean, eta atzo, astelehena, santa eskean atera zen hainbat matxinbentar. Gaurkoan, meza izan da auzoko elizan, 11:00etan hasita, eta ondoren, hamaiketakoa egin dute jubilatuek, Matxinbentako tabernan. Hotzari aurre egiteko, gustura hartu dituzte salda beroa eta txorizo nahiz haragi egosi pintxoak han bildu diren 50 bat lagunek.
Bestalde, otarrearen zozketa ere egin dute festetako azken egunean, eta 5.318 zenbakia egokitu da. Haren jabea ere azaldu da: Urrestillako Arantxa Juaristi izan da zorteduna.