21. Korrika apirilaren 12an igaroko da Azpeititik, eta lekukoa eraman nahi duten erakundeek, elkarteek, enpresek edo herritarrek dagoeneko eros dezakete kilometroa. Kilometro osoak 425 euro balio ditu, eta erdiak, berriz, 213 euro. Kilometroa erosi nahi dutenek telefono zenbaki honetara deitu edo whatsappa bidali beharko dute: 638-45 78 79. Dena den, duela bi urte kilometroa erosi zuten elkarteei batzordetik deituko diete kilometroa eskaintzeko. Beste edizioetan bezala, aurrerago zehaztuko da ibilbideko kilometroen zozketa noiz egingo den.
Bestalde, Korrikako batzordekoek dei egin diete herritarrei apirila bitartean egin beharreko lanetan laguntzeko. Laguntzeko prestutasuna dutenek mezu elektroniko bat bidali beharko dute natul.euskeraz@gmail.com helbidera, eta batzordekoak harremanetan jarriko dira beraiekin. Bestela, datorren asteazkenean, hilaren 13an, izango da hurrengo bilera, Sindikatu Zaharrean. Herritar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.
Klika
Apirilaren 12an, ostiralez, pasatuko da Korrika Azpeititik; 09:34 da egitasmoa herrira iristeko aurreikusitako ordua. Elgoibar aldetik iritsiko da lekukoa, eta Azpeititik kostaldera joanda, arratsaldez Donostiara iritsiko da. Apirilaren 4an hasiko da euskararen aldeko festa erraldoia, Garesen (Nafarroa) eta Gasteizen amaituko da. 21. edizioa da aurtengoa, eta Klika da leloa: "Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea", azaldu dute Korrikaren sustatzaileek.