Ahal Duguk ez du talderik aurkeztuko Azpeitiko udal hauteskundeetara, Uztarria.eus-ek egiaztatu ahal izan duenez. Ahal Duguk ez du zirkulorik –horrela deitzen dio alderdiak herrietako taldeei– Azpeitian, eta horregatik ez dute aurkeztuko talderik udal bozetan.
2015eko udal hauteskundeetara ere ez zen aurkeztu Ahal Duguren bueltako plataformarik, baina 2015az geroztik, Gipuzkoako, Euskal Autonomia Erkidegoko nahiz Espainiako bozetan Ahal Dugu-ren aldeko boza emateko aukera izan zuten herritarrek; hain zuzen ere, 2015eko foru bozetan 245 boto lortu zituen Ahal Duguk Azpeitian; 2015eko Espainiako hauteskundeetan, 1.006; 2016ko Espainiako bozetan, 1.116; eta urte hartako EAEko hauteskundeetan, 407.
Azpeitian ez, baina Zarautzen nahiz Eibarren, adibidez, udal bozetan aurkeztuko ditu hautagaien zerrendak Ahal Dugu-k –beste indar batzuekin koalizioan–, eta Zarauzko Udalerako hautagaien zerrendan bada azpeitiar bat: Ieltxu Caballero. Oraindik primarioak egin ari dira, baina Caballerok Uztarria.eus-i jakinarazi dionez, datorren iganderako espero dute zerrenda prest izatea.