Aspaldion fatalista samar nabilela diote ingurukoek, gertakarien ertz beltza bakarrik ikusiko banu bezala. Gazteriaz, jendearen bizimoduaz, egunen joanaz... Pisua nabari diete nonbait kontatzen dizkiedanei; eta etsipena. Eguraldi goibelak eta argi-printzarik ezak eszenatoki borobila uzten diote, noski, barreneko beltzari konspira dezan. Bolada izango dut era horretakoa, baina ez nuke esango pertzepzio oker-okerra dudanik ere. Lilura noiz etorriko ez ote gabiltzan, zeruko txalo baten zain ez ote gauden.
Mobilizazioak eta aurkako erreakzio agerikoak eragin ditu gure herrian ireki berri duten apustu etxeak. Aitortza miresgarri eta eredugarririk ere izan da. Bejondeizuela horretan zabiltzatenoi, duintasuna miseriaren aurrean, horixe izan zarete. Irakurri dugu apustu etxeek gorakada nabarmena izan dutela azken urteetan. Noiz eta krisi ekonomiko kapitalistak bortitzen jo gaituen unean, non eta krisi ekonomiko kapitalistak bortitzen jo gaituen sektore eta espazioetan. Hirietako periferietan kokatzen dituzten apustu etxeak omen errentegarrienak, eta mutil gazteak profilik ohikoena. Izurritea denera hedatua da, dena den. Ausazko fenomeno gutxi gure lur honetan; historia bera jende beraren gainera itzultzen da, behin eta berriz. Analogia posible bat: duela ez hainbesteko Santurtziko portuaren irudia datorkit bat-batean gogora, edo Ondarrukoarena bestela. Elgoibar datorkit, Itziar; gazte zaurgarri bat xiringa herdoilduz zainak zaldiztatzen. Jende beraren gainean errepikatzen da historia.
Jende xehearen –zehaztu, Gurru, deitu langile klasea– desesperantza da industria honen lehengaia, etekin iturria. Izerditik eta malkotik gasoila ateratzea da nolabait esateko, berme –inpunitate– legal osoz, gainera. Instituzioek ezin diote lokala erosterik inori galarazi, eta gutxiago, lokal horretan era horretako negozioa zabaltzea. Hortxe ba legalitatea: mobiliazio askorentzako horma pitzaezina. Kontzientziazioaren eta boikot aktiboaren indarra ez ahal ditu eguneroko honen gurpil ahaltsuak azpian hartuko...
"Milagroak Lurdesen"
Aipatutako desesperantzan txin-txin hotsa somatu duten bakarrak ez dira apustu etxeak izan. Autolaguntza liburuak zientoka topa daitezke, ordu erdiko kontsulta ehun euro kobratzen dizuten profeta salbatzaileak jaio dira zorionez –lehengo apaizen erretorika harrigarri antzerakoarekin, kuriositatez– eta Gabonetan loteria erosten dugu badaezpada. Miseriaren aurkako errezeta magiko horiek arazoaren berehalako konponbide indibidualak eskaintzea dute amankomunean. Adiskide batek, gordin, ameskeria oro airatzeko moduan kontatzen zidan Gabon inguruan: "Jendeari loteria tokatzeko baino auto istripuz edo minbiziak jota hiltzeko askoz ere probabilitate gehiago daukala esan behar zaiok". Zurtuta geratu nintzen. Inork pentsa lezake horrelako lagunak izanda, nola ez naizen izango tipo atsekabetua.
Ondo dago alegiazko ametsak izatea, baina horien atzetik arrastaka ibiltzeak ez du merezi. Bizitza eta poltsikoa kondenatzeak, are gutxiago. "Millegruk Lurdesen", erabiltzen da gure etxean –Urrategiko amona zenaren ukituz–, etxe askotan bezala. Hankak lurrera ekartzeko dei gisara ulertzen dut nik. Arazoen aurrean, ingurukoen babesa bilatu eta elkartasunez erantzutean datza konponbidea, nonbait izatekotan. Poetari terminoa ostuta, bakarmortua da aurrean daukaguna eta utopia, zerbait bada, kolektiboa da.