Basanderiek asanblada feminista Martxoaren 8rako deitutako 24 orduko emakume greba antolatzen dabil asteotan Azpeitiko beste hainbat eragile eta norbanakorekin batera. Emakumeen Nazioareko Egunerako prestatutako egitaraua itxita dute jada, baina lanean jarraitzen dute herriko emakumeak grebara anima daitezen. Martxoaren 8ko grebaren atarian, Basanderiekeko kideek amantalez josi nahi dute herria, eta horretarako deia egin dute: "Martxoaren 8an 24 orduko greba feminista izango da. Horrekin bat egingo dugu, eta emakumeok* planto egingo dugula adierazteko amantalez josiko ditugu Azpeitiko balkoiak. Batu aldarrikapenera!".
Ekimena hauspotu asmoz, Basanderiekeko kideek postuak jarri, eta amantalak banatuko dituzte Azpeitiko hainbat txokotan. Oraindik ez dute zehaztu noiz eta non jarriko dituzten postuak. Dena den, datozen egunetan izango dela aurreratu dute.
Grebaren aldarriak
Otsailaren 6an egin zuten Martxoaren 8ko greba antolatzeko aurreneko batzar irekia Azpeitian, eta astebetera egin zuten bigarrena. Dagoeneko ia dena prest dute. Aurten, Heteropatriarkatu kapitalistari planto. Bizitzak erdigunean! lelopean deitu dute Martxoaren 8ko greba Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Basanderiekek azaldu duenez, "bizitzako esparru guztietako zapalkuntzak identifikatzeko eta eraldatzeko" pausoak eman nahi dituzte aurtengo grebarekin. "Soldatapeko zein doako lanak, sexualitatea, kontsumo eredua, jakintza ekoizteko erak, edertasun eredua, familia ereduak... Bizitzak erdigunera eraman nahi ditugu eta horretarako alboratuok heteropatriarkatu kapitalistari planto egingo diogu. Era berean, baita kolonialismoari eta kapazitismoari ere", azaldu du Basanderiek asanbladak.
Pentsionistek, ikasleek, zaintzak, enpleguek eta kontsumoak "presentzia berezia" izango dute grebaren deitzaileen aldarrikapenetan. Eskaera "nagusia", baina, "bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa" izango dela adierazi du Basanderiekek. Grebaren protagonistei ere egin die erreferentzia asanbladak: "Grebaren subjektua, emakume* bezala izendatuko dugu emakume hitzak ez dituelako heteropatriarkatuak zapaldutako pertsona guztiak barnebiltzen. Horren adibide dira transek eta bollerek jasaten duten zapalkuntza".