Hibernatzen

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2019ko ots. 23a, 10:41

Txetxu Urbietak Uztarria aldizkariaren 2019ko otsaileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ez dakit noiz eta nola izan zen. Dakidana da, beti nirea izan dela, beti neure erraietan neure sentitu izan dudala. Barruraino sartzen zaizu, ez dakizu zergatik, logikarik ere ez du. Dakitenek zer dioten ez dakit, baina ez dut garbi kontu genetikoa den edo konturatu gabe ariman sartu eta zure jabe egiten den. Ez dakit dohaia ala gaitza den, mesede ala kalte egiten duen. Kontua da, zeure barruan daukazula, bihotzean, betirako. Batzuetan, hibernatzen; beste batzuetan, Martxialeneko labeko sua bezain bero. Baina betiko eta betirako, zure bihotz gorrian (edo urdinean) arrasto nabarmena utzita. Zentzugabekeria dirudien arren, askotan badirudi zure bizitzak ez duela zentzurik bera gabe. Elgetako nire lagun egoskorrak dioen bezala, bizitza honetan garrantzirik ez duten kontuen artean hori da garrantzisuena.

Kontua da, ordea, neure erraietaraino sartuta dudan xamorrotxoak lo hartu duela, hibernatzen ari dela. Tarteka txinpartaren bat botatzen badu ere, Martxialeneko sua itzali da. Berez hotza eta arrazionala banaiz, gai honetan ere lepo gaineko baloiak lekua kendu dio bihotzari. Jokoa berak begi-bista alaitzen dit, atsegin dut, dagoen arterik ederrenetakoa da... baina orain ez nau hunkitzen, tximeletak desagertu dira. Pasioa, sentimenduak nahiz ametsak negozio huts bilakatu dira, bilakarazi dituzte. Berezia, aparta eta bakarra zena, orain beste guztien antzeko bihurtu da. Label bereizgarria izatetik frankizia huts izatera igaro da. Eta ez nau erakartzen, zirrara berezia sortu beharrean petraldu eta haserretu egiten nau. Beraz, akabo, bukatu da. Kitto. Hori bai, hartu duzun bidea gustuko ez badut ere, ez zaitut inoiz beste batengatik aldatuko. Beti nirea izango zara, beti maiteko zaitut. Beti izango zara niaren puska handi bat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide