2013an zapaldu zuen lehen aldiz Berri Txarrak taldeak Sanagustin kulturguneko oholtza, Haria diskoaren aurkezpen biraren azkenetan. Atzo, ia sei urte ondoren, bigarren eta, agian, azken aldiz jo zuen Azpeitiko kulturgunean, urrian iragarri zuen etenaldi mugagabearekin batera etorri den Ikusi Arte biraren barruan, eta horren barruko Beude mini-biran murgilduta. 2013ko hartan, astebetean agortu ziren kontzerturako sarrerak –Niña Coyote eta Chico Tornadok eta Egurra ta Kittok ere jo zuten orduan–; oraingoan, ia saltzen jartzerako. Sanagustingo lehen agerraldian, beste erabilpen batzuetarako sortutako guneak kulturgune bilakatuta ikustea zenbat gustatzen zitzaion aipatu zuen Gorka Urbizuk, Gernikako Astra arma fabrika izandakoa eta Azpeitiko San Agustin eliza izandakoa aipatuz. Eta atzo, mezu bera zabaldu zuen abeslariak: kontzertuaren aurretik emandako elkarrizketan aurrena, oholtza gainetik gero, Astra eta Sanagustin berriro hizpide, eliza zaharrean "rockaren miraria" gauzatzeko prest.
Eta bai gauzatu ere. Hartuko lukete apaizek, Sanagustin San Agustin zenekoek zein gaur egungoek, Berri Txarrakek bere zaleen artean sortzen duen debozioa. Ez da exajerazioa esatea oholtzan agertu aurretik ere irabazia zutela kulturgunean elkartutako jendetza; ezta aldekotasun garbi horri taldekideek bikain erantzun ziotela esatea ere. Agertokia zapaldu zutenetik handik ordu eta ia hiru laurden pasatu arte, hirugarren eta azken aldiz agur esan zuten arte, hain zuzen ere, sutan jarri zuten Sanagustin Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek. Biraren barruko birari izena ematen dion azken diskoko Beuderekin hasi eta bigarren bisarekin etorri zen Oihurekin arimak eta eztarriak urratu arte, hogeitik gora kantu eskaini zituen Lekunberriko taldeak, berriak eta betikoak, disko batetik bestera saltoka, eten gutxirekin eta indar osoarekin. Zuri; Izena, izana, ezina; Jaio, Musika, Hil; Libre; Ez; Spoiler; Biziraun; Harra; Folklore; Zaldi zauritua; Katedral bat; Eskuak... dira eskaini zituzten piezetako batzuk. Guztietan, hasi eta bukatu, ikus-entzule-kantarien konplizitatea eta eztarriak lagun izan zituzten musikariek; boladaz, Urbizuren ahotsa estaltzeraino.
Berri Txarraken kontzertuetan zaildutakoak eta taldea lehen aldiz ikustera joandakoak, gazteak nagusi baina beterano gutxi ere ez. Denetarik elkartu zen Azpeitiko kulturgunean, jai kutsuko ostegun gauaz gozatzera. Bakarren bat damutuko zen agian, baina gehien-gehienek kontzertua motz iritzita hartu zuten gau batez 'katedral' bihurtutako Sanagustindik kalerako bidea. Baita gauza 'berri' bat ikasita ere: Kavinskyren Nightcall entzuteak jada ez du esan nahi Berri Txarraken kontzertua bukatu denik.
Hemen, Alberto Belokik atzoko kontzertuan ateratako argazki batzuk. Lotura honetan, berriz, haren bilduma osoa.