Martxoaren 8an

Martxoaren 8ko egitaraua, prest

Uztarria.eus 2019ko ots. 25a, 13:06

Iazko martxoaren 8an ere mosaikoa osatu zuten ehunka emakumek Azpeitiko plazan. (Maialen Etxaniz)

24 orduko greba feminista deitu dute Martxoaren 8rako, eta Azpeitian denetariko ekintzak prestatu dituzte egun horretarako. Greba egunean, mosaikoa, bazkari feminista, mahai ingurua eta manifestazioa egingo dituzte, besteak beste. 

Gero eta gertuago dago Martxoaren 8rako deitutako greba feminista, eta dagoeneko prest dago Azpeitian egun horretarako prestatu duten egitaraua. Basanderiek asanblada feminista aritu da Emakumeen Nazioareko Eguneko 24 orduko emakume greba antolatzen, herriko beste hainbat eragile eta norbanakorekin batera. Martxoaren 8an ez da ekintzarik eta mobilizaziorik faltako goizetik gauera bitartean.

Egunari ekiteko, 10:30ean kalejira egingo dute Sanjuandegiko Baigera aurretik hasita. Handik herriko plazara joango dira. 12:00etan txupinazoa botako dute plazan bertan, eta iaz bezala, mosaiko erraldoia osatuko dute. Ondoren, 14:00 aldera, bazkari feminista izango da plazan. Bazkalostean mahai ingurua egingo dute, eta Azpeitian borroka feministak izandako bilakaeraz solasean arituko dira. 

Arratsaldean jarraituko dute ekintzekin. Mahai ingurua amaitzen denean, denetariko tailerrak eskainiko dituzte plazan. Oraindik ez dituzte zehaztu zein ikastaro izango diren, baina data hurbiltzean xehetasun guztiak azalduko dituztela aurreratu dute. Tailerren ostean, 18:30ean hasita, mikrofono irekia jarriko dute plazan, nahi duenak nahi duena egin dezan: testuak irakurri, abestu, bertsoak bota... Ondoren, 20:00etan, manifestazioa egingo dute herriko kaleetatik, plazatik hasita. Sabelak betetzeko afari autogestionatua egingo dute 21:30ean, eta eguna giro ederrean amaitzeko 22:30etik 00:00etara musika jarriko dute udaletxe azpiko arkupeetan. 

Amantalak balkoietara

Martxoaren 8aren atarian, grebarako girotzen joateko hainbat ekintza egitekoa da Basanderiek asanbladak. Esaterako, Azpeitiko balkoiak amantalez jantzi nahi dituzte. Horretarako, Azpeitiko emakumeei dei egin diete beren balkoietan amantalak jar ditzaten. Ekimena hauspotu asmoz, Basanderiekeko kideek postuak jarri, eta amantalak banatuko dituzte Azpeitiko hainbat txokotan. Oraindik ez dute zehaztu noiz eta non jarriko dituzten postuak. Dena den, datozen egunetan izango dela aurreratu dute.

Aldarriak eta helburuak

Euskal Herriko Mugimendu Feministak urtarrilean aurkeztu zuen Martxoaren 8ko greba feministaren aurtengo plangintza, eta orduan jakinarazi zuten greba feminista nola ulertzen duten, aurtengo aldarrikapenak zeintzuk izango diren, grebaren subjektua zein izango den, greba nola egingo duten eta zerri egingo dioten planto. Azpeitian, aldiz, otsailaren 6an egin zuten Emakumeen Nazioarteko Eguneko greba antolatzeko aurreneko batzar irekia. Aurten, Heteropatriarkatu kapitalistari planto. Bizitzak erdigunean! lelopean deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8ko greba. 

Basanderieken hitzetan, "bizitzako esparru guztietako zapalkuntzak identifikatzeko eta eraldatzeko" pausoak eman nahi dituzte aurtengo grebarekin: "Soldatapeko zein doako lanak, sexualitatea, kontsumo eredua, jakintza ekoizteko erak, edertasun eredua, familia ereduak... Bizitzak erdigunera eraman nahi ditugu eta horretarako alboratuok heteropatriarkatu kapitalistari planto egingo diogu. Era berean, baita kolonialismoari eta kapazitismoari ere". Greba feministaren bidez, "bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa" aldarrikatuko dute. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide