Kalean da 'Matxinada' eta 'Mikel Laboa 11 ahotsetara' ikuskizunak biltzen dituen DVDa

Uztarria.eus 2019ko ots. 25a, 13:58

Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko Kultur Mahaiak atera dute DVDa, eta salgai dago Sanagustin kulturgunean, bost eurotan. Matxinada zein Mikel Laboa 11 ahotsetara ikuskizunak bideoz grabatu zituzten Kulturazek, Uztarria Komunikazio Taldeak eta Urola Kostako Hitzak elkarlanean osatzen duten Mikrouhinak bideo-sortarako. Uztarriak bost DVD zozkatuko ditu bazkideen artean. 

Matxinada eta Mikel Laboa 11 ahotsetara ikuskizunak biltzen dituen DVDa argitaratu dute Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko Kultur Mahaiak. DVDak Sanagustin kulturgunean eros daitezke, bost eurotan. Bi ikuskizunetako batean parte hartu zuten herritarrek DVDa doan jasoko dute. 

Iazko urriaren 27an eskaini zuten aurrenekoz Matxinada ikuskizuna Soreasu antzokian. Orduko hartan, hstoriak, musikak eta antzerkiak bat egin zuten oholtzan, Imanol Elias historialari zenak idatzitako Matxinada obran oinarritutako herri antzerkiari esker. Ehundik gora herritarrek hartu zuten parte emanaldian, eta jendez lepo bete zen antzokia. 1766an Azpeitian jazotako Gariaren Matxianda du oinarri ikuskizunak.

2018ko abenduaren 1ean hamar urte bete ziren Mikel Laboa hil zela. Urteurren horren harira, Laboaldia egitasmoa antolatu zuen Azpeitiko Kultur Mahaiak, Laboaren "unibertso poetiko oparoa" ezagutaraztea xede. Horretarako, azaroaren 21etik abenduaren 2ra bitartean musikariari lotutako denetariko ekintzak egin ziren herrian.Laboaldia egitasmoari amaiera emateko herriko eta eskualdeko dozenaka musikarik Mikel Laboaren abestien moldaketak eskaini zituzten Mikel Laboa 11 ahotsetara ikuskizunean. Emanaldi hura bideoz jaso zuen Kulturazek. Matxinada zein Mikel Laboa 11 ahotsetara ikuskizunak bideoz grabatu zituzten Kulturaz kooperatibak, Uztarria Komunikazio Taldeak eta Urola Kostako Hitzak, elkarlanean osatzen duten Mikrouhinak bideo-sortarako. Orain, bi emanaldiak osorik jasotzen dituen DVDa kaleratu du Kulturaz kooperatibak.

Bazkideen artean, zozketa

Uztarria Komunikazio Taldeak Matxinada eta Mikel Laboa 11 ahotsetara ikuskizunak biltzen dituen DVDaren bost ale zozkatuko ditu. Zozketan parte hartu nahi dutenek mezu bat bidali beharkodute uztarria@uztarria.eus helbidera, izenburuan 'DVDa' idatzita. Zozketan parte hartzeko azken eguna ostirala, martxoak 1, izango da. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide