Saskibaloi zaleek hitzordua dute bihar, 20:30ean, Azpeitiko kiroldegian. Ordu horretan hasiko da Juaristi ISBk Almansaren kontra jokatuko duen partida, Zilarrezko LEB ligako A-1 igoera faseko lehen jardunaldiari dagokiona. Amaitu berri den fase erregularrean, bi multzotan banatuta lehiatu dira Zilarrezko LEBean ari diren 24 taldeak, Ekialdekoa eta Mendebaldekoa; azken horretan aritu dira Iraurgikoak. Orain, Urrezko LEBera igotzeko kanporaketetarako bost postuen bila lehiatuko dira lehen faseko hamabi talde onenak, A-1 igoera fasean; gainerako hamabiak, berriz, A-2 multzoan ariko dira, jaitsiera saihesteko borrokan.
Bihar abiatuko den A-1 multzoan fase erregularreko emaitzak kontuan hartuko direnez, Juaristikoak dira, momentuz, sailkapenean azkenak; eta bihar aurkari izango duten Almansa dute, hain juxtu, aurretik. Beraz, bi taldeentzat dira oso garrantzitsuak biharko puntuak. Lolo Encinasen taldeak ilusio bakar bat du: igoerako kanporaketak jokatzea.
Garaipen handia Añaresentzat
LF2 ligan, Añares ISBk 67 eta 86 irabazi zuen Cortegadaren aurka larunbatean, Villagarcia de Arousan (Galizia). Garaipen handi horri esker, Luix Agirreren taldea bete-betean sartu da igoerako kanporaketak jokatzeko borrokan.
Añaresen partida hasiera ez zen batere ona izan. Atsedenaldian, egoera pittin bat hobetuta, zazpi puntuz galtzen ari zen. Bigarren zatia, ordea, erabat ezberdina izan zen. Añaresek, maila ezin hobea erakutsiz, sailkapenean aurkari zuzena zuen Cortegada txiki-txiki eginda utzi zuen. Garaipen honekin, Añaresek sailkapenean bosgarren jarraitzen du, baina hirugarena puntu bakar batera du orain. Igoerako kanporaketak sailkapeneko lau aurrenek jokatuko dituzte.
Etxetik kanpora jokatuko du Añaresek datorren asteburuan ere. Bartzelonan ariko da larunbat arratsaldean, Segle XXI taldearen kantxan.